Miren Amuriza.
BIRA

Entretenitzeko

2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Demagun zuen izeko Ameli, Tiameli, barizeetatik operatu zutela. Ezer larririk ez. Ordea, 81 urterekin, hirugarren pisu batean, bakarrik eta igogailurik barik bizi denez, zeure etxera gonbidatu zenuela egun batzuetarako; «zuk umetan zaindu ninduzun moduan zainduta, zer gutxiago, tia!». Eta, bat-batean, hantxe zeneukan, zure egongelan, bere habitat naturaletik kanpo altzari estrainio bat zirudien jostun ohi hura: besaulkian jarrita, zangoa mahaitxoaren gainean, kuxin batean, finkatuta.

Demagun, lehenengo egunean, pozik eman zeniola konbertsazioa; «ni ez bata, ez bestearekin, tia...». Eta debekatu egin zeniola kozinatzea, plantxatzea, gortinak konpontzea. Baina bi, hiru, lau egun geroago, lanetik etxerakoan (eta berak prestaturiko garbantzuak jaten ari zinela), Doña Letiziaren edo Doña Sofiaren alde ote zeunden galdetu zizula enegarrenez. Eta zuk umorerik ez berriketarako.

Demagun, orduan, telebista piztu zenuela «ala, tia, ikusi notiziak» esanez. Eta biharamunean, pijama bat eta galtza bakero batzuk eman zenizkiola konpontzeko. Eta plantxarako mahaia bere alturara jaitsi, eserita maneia zedin. Demagun lantxoak, zeure lantxoak, eman zenizkiola deskantsu premian zegoenari, «entretenitzeko». Eta, hamar egunera, bere etxera itzuli zenean, hantxe topatu zenituela, egongelako mahaitxoaren gainean, bere betaurrekoak. Eta zure kontraesanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.