Miren Amuriza.
BIRA

Lau gauza

2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Lau gauza Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia beren nahierara interpretatzeko tentazioa, intentzioa, lotsagabekeria izan dezaketen gizonezkoei, gazte zein helduagoei; indarkeria matxista (edozein motatakoa) praktikatzen, justifikatzen edota isilarazten duten horiei denei, alegia:

Bat. Emakumezko batek zakil baten edo, are, bosten mehatxupean egonda, biziraun ahal izateko erresistentziarik ez jartzea erabakitzen badu, ez dezatela pentsa erasotua sexu-praktika horiek onartzen ari denik Espainiako legeriak hala interpretatzen badu ere.

Bi. Magistratu batek talde-bortxaketa batean parte hartu zuten bost animaliari «sexu eraso»bat egin izana egotzi ordez (norbait ikararaztea eta harremanak edukitzera behartzea indarkeriaz baliatuta), «sexu abusuak» egin izana (norbait harremanak edukitzera behartzea) leporatu badie ere, ez dezatela pentsa intimidatzen edo indarkeriaz tratatzen ez bagaituzte, emakumeon gorputzekin eurek nahi dutena egiteko libre direnik.

Hiru. Ez dezatela pentsa epaitegi patriarkal batek emakume baten testigantza auzitan jarri duelako, erasoak salatzen dituzten gainontzeko denei sinetsiko ez diegunik. Eta lau. Jakin dezatela (sententziek diotena diotela) gutako beste bakar bat gehiago erail, bortxatu, jo, ukitu, mehatxatu dutelakoa iristen bazaigu, ondo gogoan izango ditugula beren izen-abizenak eta aurpegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.