Miren Amuriza.
BIRA

Basurdea

2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Ez nuke, ez, basurdea izan gura... Errepidea gurutzatzen hasi eta sabelaz gora amai zenezake kotxeren batek jota, ehiztariren baten erremolkean sudurretatik odola darizula edo, are, elkarteren bateko horman sama moztuta. Horrela amai zenezake edo, onen-onenean (aukerarik desiragarriena hau izatea, bada zerbaiten adierazle), Guardia Zibilaren kuartelen batean; hantxe amai zenezake, uhal hori-gorria lepoan-da, Ekintza Azkarretarako Taldearekin desfilatzen.

Egundo ez nuen pentsatuko basurde batekin enpatizatzera ailegatuko nintzenik eta hara non; Intxaurrondokoaren eta nire, gure arteko Zapaltzaile Komun Handiena (merezi luke formula matematiko bat horrek ere) identifikatu nuelako izango da, akaso.

Ez nuke basurdea izan gura, ez... Eta izatekotan, gurago kaiolan uhalari lotuta baino. Kaiolan dagoenak, saiatuta ere, nekez ahazten baitu bere gatibu kondizioa eta, beraz, presenteago edukitzen askatzeko beharra ere. Aldiz, lotuta doana, uhalaren luze-laburraren araberako libertate ilusio moduko batean bizi liteke eta nagusiaren nahierara bezatua izateko arriskuan egon: aurrekontuak bermatzen badizkidazu, pentsioak igoko dizkizut; nik ere bai, zentsura mozioa babesten baduzu; kontseilari presoak eta erbesteratuak gobernutik kanpo uzten badituzu, 155.a indargabetuko dut... Eta etxeko zapatilak ekartzen badizkidazu, gaileta bat emango dizut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.