Miren Amuriza.
BIRA

Eder agertzeaz

2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Hirian nabilenean jendeari lotsagabeki begiratzeko lizentzia hartzen dut (herrian ez bezala, debalde delakoan-edo). Banoa asteon Bilboko Areatzako zubian behera, eta non erreparatzen diodan Arriagari bizkarra emanda selfie bat egin guran zebilen bikote bati. Neska ez zen gustura geratzen antza, hiru edo lau argazki atera baitzituzten elkarren segidan. Grazia egin zidan aurpegiera eta postura segundotik segundora zelan aldatzen zituzten ikusteak (zubiaren bestaldera ere begiratu nuen une batez, ea baten bat urrutiko kontrolagailuarekin aginduak ematen ari ote zitzaien edo zer): irribarretsu eta tente, kopetilun eta sorbaldak jausita, berriz irribarrez, berriz uzkur... Eta mugikorrarekin, argazkiak ateratzen ari garelakoan, parekoak bideoan hartzen ditugunekoez akordatu nintzen; eder agertu gura dugunetan egiten ditugun keinu artifizialik txikienak ere nabarmentzen dituzten grabazio horiez. Jarrera kontua baita edertasuna, bere alde on eta ez hain on, ez ezaugarri multzo unibertsal bat. Moldagarria izan liteke eta, era berean, luzaroan performatzeko nekagarria (altxa dezala eskua, etxeraino iritsi ezinda, igogailuan bakeroen botoiak askatu izan ez dituenak). Bazitekeela, Areatzan, bikote hura distantziatik mugiarazten zuen norbait egotea, alegia; kontrolerako mekanismo bat gehiago baita gaur egun aparientzia. Batik bat andrazkoontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.