Plana badoa aitzinera

Obamak Ordezkarien Ganberaren baimena lortu du Siriako matxinoei armak emateko eta trebatzeko.

Frantziak aire erasoak eginen ditu Iraken
Protestan, senatuan.
Protestan, senatuan. SHAWN THEW / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 19
Barack Obama AEBetako presidenteak astebeteren buruan harilkatu du Sirian esku hartzeko plana. Ordezkarien Ganberak oniritzia eman dio Siriako matxino talde batzuei —presidenteak «moderatu» izendatutakoei— armak eta trebakuntza emateko planari, eta bart senatuak ere ezusterik gabe gauza bera eginen zuela espero zen. «Ekialde Hurbileko eta mundu osoko herrialdeak elkartzen ari dira Estatu Islamikoari aurre egiteko. AEBak erabakigarriak izan daitezke ahalegin horretan», adierazi du Obamak Ordezkarien Ganberari zuzendutako agiri batean. Frantziak ere eman du Obamak eskatutako pausoa, eta Iraken bonbardaketak eginen ditu.

AEBetako hedabideek iaz argitaratu zutenez, CIA zerbitzu sekretuak 2012tik Siriako hainbat matxino entrenatu ditu Jordanian, ezkutuko programa baten bidez. Iaz ere, Obamak FSA Siriako Armada Askearen izenean jarduten zuten taldeei armak ematea baimendu zuen. Hala ere, neurri horiek eragin mugatua izan dute, eta arma hornikuntza eta trebatzerako programa zabalago bat egiteko, presidenteak Kongresuaren baimena behar du.

Iaztik testuingurua aldatu egin da, ordea. Lehen, matxinoei Sirian laguntzeko arrazoia Baxar al-Assad presidentearen aurkako borroka zen. Orain, baina, AEBek matxino horiek lagunduko dituzte IS Estatu Islamikoari aurre egiteko. Dena den, Obamaren adierazpenetatik ondoriozta daiteke fakzio batzuk indartu nahi dituela Al-Assadi aurre egiteko gai izan daitezen. «Gaurko botoa [Ordezkarien Ganberarena] pauso bat gehiago da Siriako oposizio moderatuko elementuak entrenatzeko eta hornitzeko, ISren indarren aurka defendatzeko eta borrokatzeko gai izan daitezen, Siriako gatazka behin betiko konpontzeko irtenbide politikoa lortzeko baldintzak sortzen dituzten bitartean».

Obamak bere planarentzako gehiengoa lortu du Ordezkarien Ganberan, baina ez kontsentsuz —273 boto alde, eta 156 aurka—. Bere alderdiko —Alderdi Demokratako— eta Alderdi Errepublikanoko ordezkariak agertu zaizkio aurka zein alde. Senatuan ere espero zen antzeko proportzio batekin lortzea onarpena. Sirian eta Iraken are esku hartze gogorragoa nahi duen sektoreak, John McCain senatari errepublikanoak zuzendutakoa, Obamaren plana babestearen alde agertua zen bozketaren aitzinetik. Martin Dempsey armadako estatu nagusiaren buruak adierazi du hiru hilabeteren buruan paratu dezaketela martxan plana.

Kobane hiria, setiopean

François Hollande Frantziako presidenteak, berriz, jakinarazi du Irakeko soldaduei «aireko babesa» emanen dietela. Obamak bezala, Hollandek ere argi utzi nahi izan du ez dituela lurreko tropak bidaliko, baina Obamak ez bezala, Frantziako presidenteak erran du «soilik Iraken» esku hartuko duela.

Siriako kurduen YPG Herriaren Babeserako Unitateak kexu agertu dira nazioartearen laguntzarik jaso ez dutela ISren aurka. Esmat Xeij Hassan YPGren ordezkariak dei larria egin du, ISek kurduen kontrolpeko Kobane hiria inguratuta daukalako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna