Estatu Islamikoaren izenean bi lagun hil dituzte Frantzia hegoaldean

Carcasonan bi eraso egin dituzte, eta Trebesen supermerkatu bat bahituta izan dute hainbat orduz. Poliziak ustezko erasotzailea hil du

Poliziak Trebes herriko supermerkatuan, atzo. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
mikel rodriguez
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Bederatzi hilabeteren ondoren, EI Estatu Islamikoaren izenean bertze eraso bat egin dute Frantzian. Hegoaldeko Carcasona hirian eta Trebes herrian, Okzitaniako lurretan, bi herritar tiroz hil zituzten atzo. Horietako azkena, supermerkatu batean; hainbat ordutan langileak eta bezeroak bahituta eduki zituzten. Polizia arratsaldean supermerkatura sartu zen, eta ustezko erasotzailea hil zuen. Gerard Collomb Barne ministroaren arabera, 26 urteko gizonezko bat zen hori, eta Poliziak zelatatuta izana zuen, baina ondorioztatu zuen ez zegoela «erradikalizatuta». Emmanuel Macron presidenteak adierazi zuen «eraso terrorista islamista bat» izan zela atzokoa.

Poliziaren arabera, 11:00etan gertatu zen lehenbiziko erasoa. Ustezko erasotzaileak auto bat ebatsi zuen Carcasonan. Gidaria zauritu, eta gidariaren albokoa hil zuen —haren gorpua sastraka batzuetan aurkitu zuten—. Ondoren, lasterka entrenatzen ari ziren polizia batzuei eraso zien autotik tiro eginda, eta bat zauritu zuen. Poliziak azaldu duenez, Carcasonatik Trebesera joan zen autoan, hamar kilometrora, eta Systeme U konpainiako supermerkatu batera sartu zen. «Arma altxatu eta tiro egin zuen. Ala akhbar [Jainkoa handia da] oihu egin zuen, eta Estatu Islamikoari buruz solasean hasi zen», adierazi zion Reuters agentziari François izeneko langileak. BFM TV katearen arabera, bahitzaileak eskatu zuen Salah Abdeslam askatzeko. 2015eko azaroaren 13an EIk Parisen egin zituen erasoen ustezko egileetako bat da Abdeslam; agintarien arabera, bizirik dagoen bakarra —130 lagun hil zituzten egun hartan—.

Hamasei zauritu

Poliziaren arabera, telefonotik tiro hotsak aditu zituzten, eta talde bereziek erabaki zuten supermerkatuan sartzea. Gatibu bat tiroz hil zuen bahitzaileak, eta poliziek, berriz, ustezko bahitzailea. Bertze hamasei lagun zauritu ziren, horietako bat larri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.