Bete du ametsa

Asier Garitanok entrenatuko du Reala datozen hiru sasoietan. Teknikari bergararrak esan du betidanik nahi izan duela talde txuri-urdina zuzendu
Asier Garitano, Realaren bufanda batekin, kontratua sinatu berritan, atzo.
Asier Garitano, Realaren bufanda batekin, kontratua sinatu berritan, atzo. MANIX DI AZ DE RADA / REALA

Jon Eskudero -

2018ko maiatzak 25
Amaitu dira zurrumurruak. Asier Garitano (Bergara, Gipuzkoa, 1969) izango da Realeko entrenatzailea datozen hiru sasoietan. Atzo egin zuen ofizial albistea klubak, eta datorren astean aurkeztuko du. «Betidanik nahi izan dut Reala entrenatu. Oso pozik nago, eta ilusio handia dut. Madrilen nuenaz bestelako zerbait nahi nuen, eta lortu dut, klub handi batean. Espero dut dena ondo irtetea». Horra kontratua sinatu berritan Garitanok esandakoak.

Entrenatzaile bergararrak, beraz, bete egingo du ametsa. Futbolari gisa Athleticen harrobian hazi zen, baina elkarrizketetan beti aitortu du Realeko zalea dela, eta Atotxara joan ohi zela Jose Agustin Aranzabal Gaztelu herrikidea ikustera. Bada, inoiz pentsatuko ez zukeen erronka izango du orain, baina beragan konfiantza izateko moduan da, bikaina izan baita Leganesen egin duen lana. Espainiako Bigarren B Mailan hartu zuen kluba, 2013an, eta pausoz pauso, taldea onenen artean egonkortu du. Realari baietza emanda, beste jauzi bat egin nahi du, eta Europarako sailkatzea xede duen talde bat zuzenduko du. Olabek esandako entrenatzaile profila betetzen du Garitanok, taldearekin batera hazteko aukera izango baitu. Gaur emango ditu azalpenak Realeko futbol zuzendariak.

Alacanten eman zituen lehen pausoak aulkietan, Bigarren B Mailan, Jose Bordalasen laguntzaile gisa aritu baitzen 2004 eta 2006 artean. Gerora, talde bera zuzendu zuen hiru jardunaldiz, eta 2009an Castellorako bidea hartu zuen. Esperientzia txarrak bizitzea egokitu zitzaion bertan, desagertzeko zorian baitzegoen kluba. Bigarren B Mailara jaitsi zen. Maila horretan bertan, Orihuela eta Alcoyano zuzendu zituen.

2013an iritsi zen Leganesera. Heldu berritan, klubak apenas zituen bost jokalari, eta, entrenatzailearen lana ez ezik, kirol zuzendariarena ere egin behar izan zuen. Makina bat fitxaketa egin zuen, eta bete-betean asmatu zuen. Historia egin zuen 2016an Leganes Lehen Mailara eramanda, eta klub hartan betirako izango da maitatua.

Gertutik ezagutzen dutenek hiru hitzekin definitu ohi dute Realeko entrenatzailea: «Gertukoa, zorrotza, eta irabazle sena duena». Atzo ere hala mintzatu zen. «Badakit nolakoak garen Gipuzkoako jendea, badakit nora natorren, zer nahi dudan, eta fitxatu banaute beste zerbait nahi dutelako izango da, onenekin borrokatzea. Horretarako, funtsezkoa da eguneroko lana, exijentzia eta inguruan ditudanei onena ateratzea, munduko onenekin lehiatu ahal izateko. Hori da nahi dudana. Ea noraino iristen garen».

Psikologikoki lan eraginkorra egiten duen entrenatzailea da bergararra, eta arlo taktikoan ere aberats gisa jo ohi dute. Jokatzeko era ezberdinak erabiltzen ditu, partidaren araberakoak, betiere, eta erreparatu ohi dio daukan jokalari multzoari. Leganesen atea hutsean mantendu eta kontraerasoan jokatzea izan du helburu. Ziurrenik, bestelako jokabidea hartuko du Donostian. Daukan jokalari multzoaren azterketa sakona egin ondoren, haren araberako jokoa ezarriko du.

Zuzendaritza batzordeari asko gustatu zaion kontua izan da Garitanok Realari buruz daukan ezagutza sakona. Aperribaik nahi zuen entrenatzaile bat harrobiko politikarekin bat egingo zuena, eta bergararrak oso sakon ezagutzen ditu behe mailetako jokalariak. Klubaren armarriarekin bat egiten duen pertsona eseriko da aulkian aurrerantzean, eta horrek lasaitasuna ematen die Aperribairi eta Olaberi. Hain zuzen, azken horren zeregina izango da orain Garitanori lantaldea osatzea. Izan ere, laguntzailerik gabe iritsiko da bergararra taldera.

Atseden hartzeko betarik gabe, lantalde teknikoa osatu eta jokalarien multzoa fintzea izango da Garitanoren eta Olaberen lana. Ondo bidean, Joseba Zaldua Leganesetik bueltan etorriko da, baina beste batzuk irten daitezke. Vela, Iñigo Martinez, Xabi Prieto eta Canales ez dira egongo, eta belaunaldi aldaketari zukua atera beharko dio Garitanok. Jokalari garrantzitsuak falta arren, helburua jakina izango da: lehen zazpien artean sailkatzea. Ez da erronka makala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna