garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Gasolindegian

2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Gasolina hartu behar izaten duen aldi gehientsuenetan bezala, hornitegiko pantailari begira gelditu da patxada gabeko andrea, zutik eta pentsakor, berunik gabekoaren pistolari, autoko deposituko zuloraino ekarri eta muturra sarturik, esku bakarrez eusten diola. Erregaien gaineko zifrek dute harritzen, zerbitzatzen ari zaizkion litroen dantzak iraun bitartean.

Ez zaizkio horren urrunak iruditzen, petrolioa gero eta sakonago bilatu behar izateagatik, edo lurralde ustiatzaileetan gerra latza piztu izanaren erruz, edo noizbait agortuko zelako, albistegietan etengabeko espantuan aritzen zireneko garaiak. Oso gogoan ditu, halaber, Brent kupelak gora egingo zuela iragartzen zuten bakoitzean, gasolindegietan sortzen ziren ilarak, autoak eta autoak, bata bestearen atzean jarri eta harrapazka egin nahian denak, Armagedonerako prestatu beharko balute bezala.

Urteen poderioz, alabaina, orduko logikaz alderantzika egin da bidea: gerra zaharrak erabat itzali ez eta berriak piztu, hogei urtean kontsumoa planeta osoan ikaragarri handitu, lurra zulatu eta zulatu, petrolioa atera eta atera, eta inork agortuko denik aipatzen ez, eta litroa inoiz baino merkeago, eta planetaren tenperatura gora…

Pistolaren bukaerako klaskak, keinu ziniko bat eginarazi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.