Miren Amuriza.
BIRA

Srebrenica

2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Sukaldarietara jolastea gustatzen zitzaigun garai batean. Sukaldarietara jolasteko hosto handi bi, hiruzpalau adaxka, esku bete belar eta harri koxkor batzuk baino ez dira behar. Gero heldu egin ginen eta olgetaz aldatu genuen: gerra kazetarietara jolasten hasi ginen. Gerra kazetarietara jolasteko nahikoa dira kamera on samarra duen mugikor bat, pasaporte bat, hegazkin txartel bat eta Wikipedia. Eta bat, bi, hiru pausotan, hantxe ginen: Bilbotik Sarajevora, Sarajevotik Bratunacera, Bratunacetik Srebrenicara. Metrailaz zula-zula eginiko etxe bat, ate-bentanak zabalik eta gortinak airean zituena, noiz edo noiz erabilitako altzariak eta sasiak egongelan. Eta gerra ostea harexek behar zuela izan pentsatu guk, sasiak hartutako egongela hark. Srebrenicatik dozena erdi bat kilometrora joanda, Poto?arin, genozidioaren aurretikoak eta ondorioak errepidearen alde banatan: soldadu serbiarrek ehunka bosniak erail zituzten fabrika abandonatua batean, haien eta beste hainbesteren gorpuak (identifikatu gabeak asko) aterpetzen dituen hilerria bestean. Hantxe geunden, hilerrian, andre batek ondotik pasatu eta mesfidati begiratu gintuenean, «aizue, zeren esperoan zaudete?» esanez bezala, «ikuskizuna antzina amaitu zen hemen». Eta halaxe jabetu ginen olgetako baino eremu serioagoak zirela gerra eta kazetaritza. Minagoak. Harrezkero ez gara berriro jolastu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.