Miren Amuriza.
BIRA

Txintxoak

2018ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Euskararen erabilerari buruzko erreportaje bat eta polizia etxeen egitura maskulinizatuari buruzko elkarrizketa bat zekartzan atzo BERRIAk. Eskoletako hizkuntza ohiturak aipatzen zituen lehenak, zelan ikasleei euskaraz aritzearen aldeko mezua helarazten zaien eta orokorrean neskek joera handiagoa daukaten hala hitz egiteko. Bigarrenak, delitugileen artean emakumeak gutxiengoa direla eta indarkeriarik gabeko ekintzengatik (lapurretengatik, esaterako) atxilotu ohi dituztela zioen besteak beste. Nahiz abiapuntuak sano diferenteak izan, ikertzaileek ondorio berbera azpimarratzen zuten, ordea: maskulinitatea transgresioari lotuta eraikitzen dela eta andrazkook arauak betetzeko, txintxoak izateko hezten gaituztela oraindik ere.

Txintxoa, Elhuyar hiztegiaren arabera, «bueno, buena; formell, formelle; well-behaved; neska txintxoa ez bazara, ez dizut goxokirik emango». Txintxoa gizartearen begietara, esanekoa, arduratsua, apala, txukuna, isila; izan zaitez txintxoa eta ez itzazu zure joera ideologikoak, sexualak, emozionalak aipatu familia bazkarietan. Txintxoak bigarren plano diskretu bat okupatzera bideratzen ditu patriarkatuak, sumisiora, alegia. Eta nago, emakumeok geurok ere, «txintxotzat» ditugun kideak gutxiesten ez ote ditugun sarri; normak hautsi beharraren hautsi beharraz, errebeldea izateko modu asko daudela ahazten zaigu batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.