Miren Amuriza.
BIRA

Segun

2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Ezagunak. Egunerokoan inguratzen gaituen jende-multzo heterogeneo hori, lagun edo arrotz kontsideratzen ditugunen arteko gama zabala. Hain zabala, ezen batzuetan zaila izaten baita hartu-emanaren tenperatura neurtzea, batik bat lantzean Segundo edo Segunda batekin gurutzatuz gero.

Gertatzen da, esaterako, norberak ezagunari kasu egitea (minutu bitik gorako elkarrizketa bat izateko adina lotura duzula pentsatuta) eta hark bekainak altxatuz «bueno» lehor batekin erantzutean, talo aurpegiarekin geratzea. Gertatzen da, halaber, hurrengo bueltan ezagun berberak egundoko efusibidadearekin agurtzea norbera eta talo aurpegiarekin lagatzea ostera ere.

Horiexek, komenientziaren arabera arrimatzen diren ezagunak dira Segundak eta Segundoak; segun zein lekutan, segun zein momentutan, segun zein konpainiatan kasu egiten dutenak (edo ez). Jatortasuna egin behar dizun eskariaren arabera erregulatzen duen jende klasea, faltsu samarra. Behinola tentazioa izan nuen Segundo bati matrailetan atximur egiteko, ea hain larru sendoa zuen edo plastikozkoa zen konprobatzeko. Ordea, faltsukeria bera baino, parekoa inuzentetzat hartzea da amorragarriena eta, halere, nahi baino sarriago erantzuten diegu nahi baino irribarre zabalagoarekin. Ez... Denei ondo esaten saiatzen garenok ere ez gara Segundoak eta Segundak baino asko naturalagoak izango igual.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.