Miren Amuriza.
BIRA

Artilezko jertsea

2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Elur usaina, elurra egiten duen egunetan egoten den laino hori; tenperatura hori, kolore hori. Zeure buruari arriskatzea nahitaezkoa dela sinetsarazi eta errepidera irteten zarenean uzkurrarazten zaituen giro hori, artilezko jertsea ur berotan bezala. Usain hori dagoen egunetan jakin gura izaten duzu elurra ospatzetik madarikatzera noiz pasatu ote zinen. Egun horietan gogorrago oratzen diozu bolanteari, esku biekin, eta haginak estututa gidatzen duzu. Astiro-astiro. Eta presaka joan arren, ez zara inor aurreratzen ahalegintzen. Mugikorrari, nahiz jo eta jo ari, zeharka ere ez diozu begiratzen eta irratia amatatu egiten duzu kontzientzia erabatekoarekin gidatzeko. Hain joaten zara errepideari adi, ezen sarri-sarri pasatu zaren lekuetan egundo erreparatu ez diezun detaileekin fijatzen baitzara: halako errekaren izena eta bestelako portuaren altuera. Noiz hazi ote dira hainbeste mendiak, eta noiz txikitu horrenbeste zu?

Halakoren batean ailegatzen zara ailegatu behar zenuen lekura eta, orduantxe, sorbaldak askatzen dituzunean jabetzen zara bolanteari zeinen gogor oratuta etorri zaren. Edo zelako arintasunarekin oratzen diozun beste batzuetan. Bizitzari. Orduan, motorra amatatu eta kotxetik irteten zara metafora kaskar samarrak otutzen zaizkizula pentsatuz. Baina elur usaina hartzen duzu berriz. Eta beste guztia ahaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.