Miren Amuriza.
BIRA

Ipar poloa

2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Ostiral arratsaldea bertso eskolan, 5-6 urteko umeak atean: «Zein ekipotakoa zara, Miren? Eibarrekoa. Eta gaur zer egingo dugu? Eseri zaitezte... Eta bigarren, zein ekipotakoa zara? Osasunakoa. Eta hirugarren?». Eta horrela, Athletic-ekoa ere banintzela esan arte. «Baina gaur zer egingo dugu? Errimak landuko ditugu: margarita bana marraztuko duzue eta bakoitzak bere izena jarriko du erdiko borobilean. Margaritaren buruan? Bai, buruan, gero errimak idatziko ditugu petaloetan; ea, adibide bat egingo dugu, bota zuen gustuko berbaren bat. Patrullacanina! Horiek bi dira, patrulla eta canina. Ba orduan... txakurra! Ederto, zein berbak errimatzen du txakurra-rekin?». Nik hitzen hasierak eman ahala amaitzen zituzten eurek: «Lapu... rra! Sudu... rra! Beldu... rra!».

Eta beren izenetara pasatu ginen, lehenengoa Ipar. «Ea, Ipar-en errimaren bat? Poloa!», bota zuen batek. Ezetz, hura ez zela errima nik. «Bai, bada! Zuk berbaren amaiera galdetu duzu eta Ipar-en amaiera poloa da». Esplikatu nien berriz, eta berriz galdetu: «orduan zein da Ipar-en errima? Poloa!», haiek, lehen baino konbentzituago. Eta horrelakoetan ohi dugun lez, inkonprenditua sentitu ni: ikasleek, lankideek, lagunek, bikotekideak, gurasoek, katuak... ez naute ulertzen! Munduak hizkeraz aldatu du eta niri inork abisatu ez? Edozer, oker dabilena norbera dela pentsatu baino lehen, badakizue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.