Miren Amuriza.
BIRA

Erresistentzian

2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Euskalduna izatea erresistentzian egotea da oraindik ere; ordea, gerrarako ezkutu, kasko eta munizioen partez, aterkiak, frontalak eta kafezko karameluak banatuko nituzke nik hiztunen artean.

Aterkiak, ahal dela, orain modan dauden garden horietakoak, inguruan gertatzen ari denaren ikuspegia mugatu barik babestuko gintuzketenetakoak: euskaldunen erdiek ere ez dutela euskal kulturarik kontsumitzen irakurtzen dugunean, edo ikasle batek EGA egitera joan eta korridoreetan euskara baino gaztelera gehiago entzun duela kontatzen duenean zabaltzeko, esaterako.

Frontalak ahalik erosoenak, egunero janzteko modukoak; iraupen luzeko bateria daukatenak eta askorentzat oharkabean pasatuko litzatekeen jendeari argi egingo lioketenak. Atzoko BERRIAn zetozen Portugalete eta Barakaldoko gazteen elkarrizketak (Iholdi Beristain, Iker Aginaga eta Asier Alcedorenak) irakurtzeko, adibidez: zelan, Ezkerraldean gutxiengoa izanagatik ere, euskararen aldeko hautua egin eta zeina bere esparruan (aktore, rapero eta bertsolari moduan) ondorengoentzako erreferente bihurtu diren.

Horrexegatik banatuko nituzke hiru gauzok: aterkiak ezkortasunak blaitu ez gaitzan, frontalak ilusioari argi egiteko eta kafezko karameluak... Karameluak plazer hutsagatik, ondo etortzen direlako beti. Erresistentzian jarraitu arren iraun baino zerbait gehiago egin gura genuke eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.