Miren Amuriza.
BIRA

Arazotxo bat

2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Arazotxo bat daukat, zera, suarekin. Umetan kandelak amatatzea gustatzen zitzaidan (urteak betetzea ez), plastilina zatietan lerrokatu eta putz egiten nien. Lehenengoetarikoak berehala agortzen zitzaizkidan. Gero, itzaltzear zeudela berpizten ziren haietakoak deskubritu nituen eta... Pla-ze-ra. Urtebetetze jaietan, adibidez, ezin izaten nion tentazioari eutsi: «zorionak, Leire eee» eta kantua amaitzerako amatatzen nizkien kandelak lagunei. Ni gonbidatzeari utzi zioten.

Kuadrillakoak erretzen hasi zirenean, berdin: zigarroari su eman orduko egiten nien putz metxeroei... Eta poltsan pospolo kaxak eroaten hasi nintzen. Hasieran tabernetako komunetan-eta gordetzen nintzen. Gero, ja, besteekin irteten nintzen, kalera, pospoloak erretzera: piztu, putz egin, bota; piztu, putz egin, bota... Gero terapian hasi nintzen. Gero elizak deskubritu nituen (Aste Santu bueltan bereziki kostatzen zait, zera, grinari eustea) eta terapia utzi nuen.

Behin afaltzera gonbidatu ninduen batek, bere etxera, eta non ikusten dudan kandela bat mahai gainean. Putz egin nion. Eta anfitrioiak aurpegi txarra jarri, «hi jota hago» esanaz bezala (bera aretoetan, trenetan, hegazkinetan jarleku bikoitietan bakarrik esertzen dela jakingo ez banu lez). Alde egin nion, besteak erotzat hartzen dituen jende zuhur-ustekoa madarikatuz. Pospolo bat piztu nuen. Eta putz egin nion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.