75. Musika Hamabostaldia

Umeei 'Txalapart-Land' kontzertua eskainiko die gaur Oreka TX taldeak

Haurren Eguneko egitaraua osatzeko, Musika Bai udalekuak umeentzako emanaldi bat aurkeztuko du, Aitor Uriaren bi obrarekin

Harkaitz Martinez de San Vicente, umeekin entseatzen. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Donostia
2014ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Urtero legez, haurrengan musikazaletasuna sustatzeko asmoz, Haurren Eguna egingo da gaur Musika Hamabostaldiaren barruan, eta haientzat prestatutako bi emanaldi egingo dituzte. 17:00etan, Musika Bai udalekuak emanaldia aurkeztuko du Donostiako Okendo plazan; Xabier Lizaso Piano Studioko kideak antolatu du, eta Hamabostaldia kolaboratzaile du. Lizasok azaldu duenez, hamahiru urte darama martxan 3-15 urte bitarteko haurrak biltzen dituen udaleku honek, umeak artearen mundura era «onuragarri» batean hurbiltzeko asmoarekin: «Gaztetan ikasten duten gauza oro heldutan azaleratzen dute, baita musikaren arloan ere». Emanaldi horretan, gainera, bi omenaldi izango dira: batetik, Fernando Bengoetxea Fernando Amezketarra omenduko dute, aurten 250 urte baitira jaio zenetik; bigarren omendua Xabier Munibe izango da, Peñafloridako kondea, duela 250 urte sortu baitzuen RSBAP-EAE Euskalerriaren Adiskideen Elkartea.

Omenaldi horietarako bi partitura prestatu ditu Aitor Uria konpositoreak.«Fernando Amezketarraren lana egitea oso erraza egin zitzaidan; Joxan Ormazabalen Pernando Amezketarra (Elkar, 1994) liburuaren pasarte batean oinarritu, eta abestia egin dut, eta antzerkirako ere baliagarri izan daitekeen pieza egin dut. Peñaflorida kondearen lana egiteko, ordea, buruhausteak izan nituen, zein girotan oinarritu ez bainuen argi. Azkenean, kondearen ibilera berezi eta estilizatuetan oinarrituta, minueto bat sortu dut».

Xabier Lizasok eta Oreka TX taldeak mamitutako Txalapart-Land ikuskizuna izango da eguneko bigarren emanaldia. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da, 19:00etan. «Kontzertu didaktikoa izango da», antolatzaileek azaldu dutenez. «Parte hartzailea izango da, txalaparta instrumentu oinarrizkoena izango duena eta kontzertu osoa lotuko duena; ikuskizunaren helburua gazteek txalapartaren mundua ezagutzea izango da». Xabier Lizaso ariko da aurkezle gisa, eta pianoaren bidez lotuko du ikuskizun osoa.

Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugartek hainbat txalaparta motaren —egurrezkoa, harrizkoa, bidoia...— berezitasunak erakutsiko dituzte. Horiekin batera, Mixel Ducau (alboka, saxoa eta klarinetea), Iñigo Egia (perkusioa) eta Juanjo Otxandorena (buzukia) ariko dira. «Lana moldatu dute Oreka TX-koek kontzerturako», azaldu du Lizasok. «Helburua ez da kontzertu fin bat egitea, umeekin giro polita sortzea baizik».

Oreka TX-rentzat, berria

Formatu berria da hau Oreka TX-ko kideentzat, eta taldeko kideek azaldu dute Lizasoren gidaritza «oso garrantzitsua» izan zaiela umeengana gerturatzeko. «Jotzeko beste jarrera bat hartu dugu emanaldi honetarako; kontzertu bat emango badugu ere, jolastu ere egingo dugu, geu ere haur bihurtuz. Kontzertuaren funtzioa beste bat izango da, beraz: jolasa. Bestalde, umeak ere partaide izango direnez, gure erritmoa haiekin partekatuko dugu, eta Lizasoren laguntza beharrezkoa izan dugu hori aurrera nola eraman jakiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.