Promesak eta traizioak

Eskoziari eskumen gehiago emateko neurriak aurkeztu ditu Cameronek.

Askatasun handiagoa eskaini du zergetan, baina Edinburgo ez da ase
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa, artxiboko irudi batean.
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa, artxiboko irudi batean. S. L. / EFE

Oihan Vitoria -

2015eko urtarrilak 23
Eskoziako erreferendumean ezetzaren garaipenak ekarri duen soka luzearen aurreneko kapitulua da, Alex Salmond lehen ministroaren dimisioaz geroztik. Erresuma Batuko Gobernuak eutsi egin dio Eskoziari hitzemandako botere itzulketari, eta lehenengo pausoa ematen hasia da eskumen berriak emateko bidean. Prest dauka, izan ere, hitzemandako botereak eskualdatzeko aurreproiektua. Atzo atera zuen argitara, eta, orotara, 44 proposamen bildu ditu zirriborroan. Neurrien artean, besteak beste, Edinburgori zerga arloan eta gizarte laguntzen kudeaketan askatasun handiagoa ematea proposatu du Londresek. Testua indar politiko guztien arteko negoziazio mardulen «fruitua» dela nabarmendu du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, eta erantsi hura eratzeko Smith Batzordearen aholkuak ere kontuan hartu dituztela.

Proposamenaren asmoak, oro har, begi onez hartu ditu Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek. Edonola ere, ez da erabat ase, eta kexu agertu da. Aurrerapauso bat dela aitortu duen arren, zirriborroa Cameronek agindutakoaren egokitzapen «urtua» dela salatu du: «Promesetatik oso urrun dago». Aurretik zeuzkan susmoak egiaztatu direla ohartarazi du Sturgeonek. «Lege proiektuak ez du Eskoziako Gobernuaren isla».

Londresen oniritziari lotuta

Ekonomia dute ardatz Erresuma Batuaren proposamen gehienek. Besteak beste, Eskoziari pertsona fisikoen gaineko errentaren zerga (PFEZ) kopuru jakin batean zehazteko aukera ematearen alde agertu da. Ez du eskumenik izango, alabaina, zergaren ordainketan «zuzenean» eragiteko. Eskoziak, horrez gain, BEZaren diru bilketaren zati bat eta aireportuetako zergak kudeatu ahalko ditu.

Sturgeon, berriz, kritiko mintzatu da, kasu askotan Londresen oniritzia beharko dutela argudiatuta. Esaterako, gizarte laguntzetan eragiteko eta berriak sortzeko kontrol osorik ez dute izango, Eskoziako lehen ministroaren esanetan: «Londresen menpe segituko dugu hein batean».

Kontrara, Cameronen taldeak osatu duen zirriborroak bai jasotzen du Eskoziaren eskakizunetako bat: hauteskundeetan bozkatu ahal izateko adina 18 urtetik 16ra jaistea. Sturgeonek nahikotzat jo ez badu ere, hurrengo agintaldian proposamenari onespena emateko «konpromiso irmoa» hartu dute Erresuma Batuko hiru alderdi nagusiek —liberalek, laboristek eta kontserbadoreek—. Hitzeman dute heldu den maiatzeko bozetan irabazten duenak irabazten duela, oniritzia emango diotela lege aurreproiektuari. Eskoziaren eta Erresuma Batuaren etorkizuna «batasunean» eraikitzeko lagungarria dela uste dute.

Kontsultaren ondoren Sturgeonen Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) herritarren artean daukan sostengua erakusteko proba dira maiatzeko hauteskundeak. Inkestak, oro har, aski baikorrak dira SNPrentzat. Eserleku gehiago lortzeko baliatu nahi ditu bozak indar independentistak, autonomia zabaltzeko asmoan Londresekiko presioa «gogortzeko».

Adituek ere ez dute argi ikusten Camenoren proposamena. «Nahasgarria» dela uste dute. «Alor anitzetan galdera gehiago sortzen ditu erantzunak baino», adierazi du Michael Keating CCC zentroko zuzendariak. Iritzi berekoa da Nicola McEwen irakaslea: «Ongizatean Eskoziaren boterea areagotzea dakarren arren, labainkorra da politikoki aurrera eramateko, eta teknikoki, konplexuegia».

Ezetzaren truk, eskumenak

Irailaren 18ko erreferendumerako kanpainaren azken txanpan egin zuten eskaintza unionistek: ezezkoak irabaziz gero, Eskoziari eskumen berriak emango zizkiotela hitzeman zuten. Agindutako botere itzulketaz, ordea, mesfidati agertu zen hasieratik Alex Salmond orduko lehen ministroa. Ez zen erabat fio, eta ohartarazi zuen hartutako konpromisoei «traizio egiteko» prestaketa lanetan zebilela Erresuma Batuko Gobernua. «Susmo onik» ez zien hartu Alex Salmondek Cameronen asmoei.

Erreferendumaren biharamunean ere —botoen %54,6 eskuratuta, independentziaren aurkako jarrera gailendu zen— Eskoziaren autonomia zabaltzeko eskaintza berretsi zuen Cameronek. Gainera, Ingalaterrari, Galesi eta Ipar Irlandari eskumen gehiago emateko proposamena egin zuen Erresuma Batuko lehen ministroak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna