garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Espaloiak

2015eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Bangkokeko Kesetsart unibertsitateko ikasle arduratsuak nazka-nazka eginda omen zeuden espaloietan ezin ibiliaz, bidean estropezu egiteaz eta eskolara, berandu ez bada, ozta-ozta iristeaz. Zenbat eta presatuago joan, orduan eta aukera handiagoa baitzuten oztopoan jarritako oinezko despistaturen batekin talka egitekoa. Esan nahi baita, smartphoneari itsu-itsuan erreparatzeagatik,bat-batean gelditu eta barrikada bihurtzen den lagun hiper-konektatu horietakoren bat jotzekoa, hain baita hedatua telefono eramangarriaren erruz sortzen den zirkulazio arazoa.

Ez dakigu zer-nolako gaztakoak hartzen zituzten talka bakoitzean. Ezta, Japoniako gune populatuenetan manga komikiak aparatuan irakurriz joateagatik bezala, egunean 400dik gora aldiz gertatzen ote ziren ere. Kontuak kontu, txorakeriak utzi eta bitan banatu dituzte espaloiak, konektatuak alde batetik joan daitezen, eta gainerakoak bestetik. Eta ez dakit zer ondorio atera dezakedan kalapita honetatik, kaleak eta bideak horrenbeste ildo apartekotan bereizita (lehendik ere, trenek, tren azkarrek, tranbiek, taxiek, autobusek, autoek nahiz bizikletek, bakoitzak berea izateko joera duela kontuan hartuta) hirietako espazio publikoa, lagunkoi baino, arrotz eta erasokor bihurtzen ari dela ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.