garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Ametsa

2015eko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Eskolako garbitzaileak ez dauka argi iratzargailuak esnatu ote duen, edo dagoeneko ernetzen ari ote zen txirrinka hasi denean. Ezin du bi gertaeren ordena ondo zehaztu, bai ordea, une horretan inkontzientean zerabilkion ametsa. Aspaldian ez bezala, gogoan hartzeko modukoa izan baita, harrigarriki erreala eta era berean irreala, ez sinestekoa, eta hausnarrean darabil, loaldian sortutako irudiak estu atxiki beharrean, bizitzak oparitutako une eder bat ahanzturatik ekartzen denean bezalatsu.

Izan ere, eguneroko jardunetan erakutsi dio bere burua ametsak, bere ohiko eszenatoki arruntenetan, apur bat distortsionatuta baldin bazeuden ere: eskailerak erratzatu ditu, komunak zuritu, zaborrak batu, mahai gainei dirdira eman, lurrak lixibaz garbitu… baina den-dena irribarre zabala ahoan duela… bihotzaren abiadari ezin eutsi diola… matematikako irakasle katxarrua adorez begira zeukalako beti alboan, gerritik heltzeko zorian… Ene. Plazer ikaragarria sentitu du bere senera etorri denean, eta batez ere hurrengo minutuetan, baina ez amorante asmatuak ekar ziezaiokeen zorionagatik, bart iratzargailua itzaltzea ahantzi zaiolako baizik. Eta behar baino lehen esnatuta, hobeto zukutuko duelako igandea, lanera joan beharrik izaten ez duen egun bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.