garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Paisaia

2015eko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Ergela banintz bezala gelditu naiz goiz-goizetik, abendu ezohiko honetan argitu duen egunari begira, Hendaiako hondartzako ur hegalean. Jenderik gabe ere bizitasuna ageri du paisaiak, mugimendu dinamikoa eta kolore paleta aberatsa, urriko tenperatura epelei berezkoagoa litzaiekeena. Baina batez ere kontrastea. Horixe du nabarmen momentuak: argi-itzalen jolasak bitan hautsia du ingurua, kapritxo hutsez, Bidasoa ibaiaren amaierako bidea banalerrotzat hartuta.

Alde batean, beraz, argi-izpiek urratu ez dituzten lainopeetan ilun, grisez, urdinez, tonu ubelxkez tindatuta, Hendaiako hondartza. Eta erlaitza. Eta aurrealde osoa: itsasoa (gaur aski bare), zeru-muga. Beste aldean, berriz, eguzki galdatan okre, berde, hori nahiz gorri, Higer lurmuturretik hasi eta atzerantz, Jaizkibel mendi osoa. Eta magaleko etxe multzoak, artean nagiak atera ez dituen hiria.

Giro aldaketa etorri zait akordura. Klimari dagokiona baino gehiago, politikoa, sentimentala... Hauteskundeetan inoiz baino hobeto ikusi denez, erreparorik gabe lerrotzen direlako batzuk Parisa, eta beste gainerakoak Madrila, polo banatan magnetizatuta baleude bezala, elkarri bizkarra emateraino. Inoiz prestigiorik izan bazuen, gaur batetxo ere ez du gure lurraldetasunak, zazpiak bat utopiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.