garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Atomikoa (II)

2016ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Frantziako hondakin erradioaktibo arriskutsuenak 500 metro sakon lurperatzeko proiektuaz aritu nintzen iragan asteburuan, Belgikako mugatik gertu eraikitzen ari diren biltegiaz, hain zuzen. Oker ez banago, desesperazioaren fruitu zirudiela nabarmendu nuen, munduko lobbyrik ahaltsuenetakoak inkognitaz jositako bide irristakor bati ekin ziola Cigeo delakoan, teknologia nuklearrak artean nahikoa urrats egin ez duelako prozesua behar bezala taxutzeko, sekretismoz estali nahi direlako gairik korapilatsuenak, eta ingurumenarekiko bermea bezalako huskeriak albo batera utziz gero eta kasurik onenean —alegia, aurreikusi ezin litezkeen oztopo edo ezustekoak kontuan hartu gabe—20-30 mila milioi euro inbertitu beharko direlako gutxien-gutxienik.

Tira, abiatu besterik ez, eta zorigaizto latza gertatu da dagoeneko. Luizi batek, Cigeo guneko lurpeko albeoloak eraikitzeko lanetan ari ziren beharginetako bat hil eta beste bat zauritu zituen astearte eguerdian. Hirugarren bat ere eraman behar izan zuten ospitalera, shock egoeran.

Tamala da gero. Oraintxe mundu osoak bat egin eta nuklearrari uko egitea erabakiko balitz ere, zentral guztiak itxi eta armak debekatuko balira ere, arazoak hortxe jarraituko luke, menderik mende. Madarikatua, nuklearra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.