Miren Amuriza.
BIRA

Kaiolatuak

2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Sei, hogeita sei edo laurogeita sei urte edukitzea gauza bat da; umea, gaztea edo zaharra izatea beste bat. Xaboi burbuila bat lakoa da umetasuna, gardena, nork bere kolkoan daroana. Gurean, badira ponpatxoa goiz lehertzen zaienak, heriotzarekin haurtzaroan topo egiten duten batzuen batzuk, esaterako. Baina badira, urteetan aurrera joan arren, esentzia hori (onerako zein txarrerako) galtzen ez duten heldu infantilak ere. Besterik da haurrak sistematikoki zapaltzen dituzten herrialdeetan gertatzen dena: hormaren kontra jarri, burbuilak eskuetan hartu arazi eta pla, pla, pla errementatzen dizkiete irainka, mehatxuka, zaplastekoka, tiroka. Eta xaboi ponpak berregitea ezinezkoa da, noski.

Donald Trumpek Jerusalem estatu israeldarraren hiriburutzat jo zuenez geroztik, 300dik gora palestinar atxilotu dituzte indar okupatzaileek eta horietako asko, dozenaka, adin txikikoak ei dira. B'Tselem GKEak egunotan zabaldutako bideo batean, esaterako, mutiko batzuk zelan harrapatu eta (literalki) kaiolatu zituzten ageri da. Honezkero galdekatuko zituzten, beharbada. Soldaduei harriak botatzeaz akusatuko zituzten, beharbada. Bi, lau, zortzi, hamar, hogei urterainoko kartzela zigorra eskatuko zuten beraientzat, beharbada. Eta hemen, harriak lorategian jartzeko baino jasotzen ez ditugun leku honetan, gaur egun umea izatea iraultzailea dela idaztea besterik ezin dugu egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.