Miren Amuriza.
BIRA

Oka

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Hemen naukazu, burua makur, esku bat horma-kontrara jarrita bihotzak okaztatzen dituen Banksyren muraleko neskaren antzean, letrak, hitzak, esaldiak darizkidala.

Nik, zera, euskalduna izatea erabaki nuen eta banekien egunero berretsi beharreko hautu bat izango zena hura. Ordea, batzuetan utzi egiten dut korronteak, pultsioek eroan nazaten; amorrutik «no es no, lo demás es violación» edo «esta justicia es una mierda»-ka dihardudanean, esaterako. Kalean, taldean ari naizenean, aise neureganatzen ditut «valientes no, queremos ser libres» edo «escucha, hermana, somos tu manada» lakoak. Bete-bete egiten zait ahoa «estamos hasta el culo, de tanto machirulo» eta «ante la duda, tu la viuda» oihukatzean; ahoa bete eta barrenak hutsitu ohi dizkit gaztelerak. Eta, horrelakorik gehiago errepikatu behar ez izatea gurago nukeen arren, baliteke, bai, korronteari aurrea hartu beharra edukitzea; «ezetz esan badizu, bortxatzen zabiz zu» edo «aske izan nahi dut, ez ausart» oihukatzen saiatu beharra. Baliteke «ahizpa, andre, zurekin gaude» edo «entzun lagun, hobe zeu alargun»-ekin euskaradunak ahaldundu eta erdaradunak, pittin bat bada ere, euskalduntzea; «matxiruloak kanpora»-k ere oihartzuna hartzea.

Eta bota beharrekoakbota ditudanez gero... Banoa, nire hizkuntza-hondakinak, naizentxoaren arrastoa, hementxe, horma-kontran, utzita. Birziklatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.