Miren Amuriza.
BIRA

Negarra S.A.

2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Banoa lehengoan Zornotzatik Igorrerako bidean eta non ikusten dudan, kamino bazterrean, Negarra izeneko lantegi bat. Willy Wonkaren txokolate fabrika lakoa imajinatu nuen: lurrin-potoen tamainako flaskoetara negarra isurtzen zuten makinak eta flaskook etiketatzen, paketatzen, banatzen ziharduten beharginak, zilar koloreko buzo eta txanoz jantziak denak. Belar-dendetan salduko zituzketen edabeok (minarentzakoa, pozarentzakoa, frustrazioarentzakoa...); helduenak gaziagoak eta haurrenak gezagoak. Ontziaren tapatxoa bete, tragoan irentsi eta bost-hamar minuturen buruan, negarrez; halaxe erlaxatuko ginatekeen, bakarrean batzuetan, konpainian besteetan. Ordea, debekatuta izango genukeen, adibidez, tabernetan kontsumitzea (bezeroak uxaraziko genituelako) eta parkeetan, etxeetan, mendi-bideetan elkartuko ginatekeen. Kuadrillakoren batek ezetz esango zuen, akaso, ez zuela hartu gura eta guk, geure begi gorri eta sudur mukitsu, presioa egingo geniokeen sano liberatzailea zela eta probatu beharra zeukala erantzunez; geure emozioak kanporatu beharraren kanporatu behar harekin, exijente samar jarriko baikinatekeen (nola barrutik ari zarela negarrez? horrek ez du balio!). Barnerakoiagoak diren lagunen isiltasunak ez errespetatzeko bezain exijente jartzen baikara askotan. «Eskerrak», esango dute haiek, «Igorren hodiak fabrikatzen dituzten!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.