garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Dieta

2016ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Sagardo upelaren zipotza bezain mehe sentitu nahi duen emakume askok glutenik gabeko dietari heldu omen dio aspalditxoan, Miley Cyrus-en gisako people jendeak batik bat, eta niregatik bejondeiela, finean, nork bere eroari ahal bezala egiten baitio aurre. Zer pentsa handiagoa ematen didate zeliakoek, proteina omen den hori ezinbestetan baztertu behar izaten dutenek, bereziki haurrek. Arraroen multzoan imajinatzen ditut eskoletako jantegietan, eta zaputzen artean, berriz, urtebetetze ospakizunetan, nutella sandwichei edo zorionduaren tartari eskua luzatu ezin dietelako.

Gaixooi bizimodua errazte alde —eta modari jarraitzen dion jende andana hori negozio oparoa ere badelako—, produktu berezitu mordoa jarri zaie eskura supermerkatuetan, besteak baino hiru bider garestiagoak bidenabar esanda, eta kalitateari dagokionez, berriz, zuek juzka. Ogi suediar glutendunaren osagaiak: garia, azukrea, koipe begetala, legamia, gatza. Marka bereko ogi suediar gluten gabea: arto almidoia, arto irina, arroz irina, gantz eta olio begetalak, ura, gatza, emultsionatzailea (gantz-azido mono- eta diglizeridoak), azido zitrikoa, patata fekula, legamia kimikoa (glukono-delta-laktonea, sodio karbonato azidoa), dextrosa, lodigarria (hidroxipropilmetil zelulosa)...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.