Berrikuntzari bultzada

Urtero lau film lagunduko ditu Ikusmira Berriak programak.Donostia 2016k, Zinemaldiak, Tabakalerak eta Filmategiak sortu dute, elkarlanean

Ikusmira Berriak sortu duten erakundeetako ordezkariak. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Juan Luis Zabala
2015eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ikusmira Berriak erakunde arteko programaren bidez, ikus-entzunezkoetan «berrikuntza eta esperimentazioa» sustatuko dute— «lengoaia zinematografikoetan» zein «ekoizpen moduetan»— Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Donostiako Zinemaldiak, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak, urtero lau ikus-entzunezkoren egitasmoak bultzatuz hiru esparrutan: prestakuntza, ekoizpena eta erakusketa.

Lehenik, Tabakaleraren instalazioetan lau asteko egonaldia egiteko aukera eskainiko zaie hautatutako lau egitasmoak aurkeztutako zinemagileei, egitasmo horiek nazioarteko hiru adituren aholkularitzarekin eta laguntzarekin garatu ahal izateko; 60.000 euroko aurrekontua bideratuko du Tabakalerak egonaldi horietara. Ondoren, proiektuaren pitching-a egiteko aukera izango dute egileek, hots, ekoizleei proiektua aurkeztekoa, haiek proiektuan inplika daitezen, egoki iruditzen bazaie; espero da horrek aukera emango diela ohiko bidetik kanpoko diru laguntzak jasotzeko. Proiektuak gauzatu eta gero, Donostiako Zinemaldian programatuko dira lan amaituak, horregatik beste edozein jaialditan aurkezteko aukera galdu gabe; Tabakalerak ere lagundutako proiektu horiek proiektatzeko konpromisoa hartu du bere gain.

Ikusmira Berriak programaren barruan laguntza jasoko duten lau egitasmoak beste horrenbeste sailetan banatuko dira: egitasmo baten egilea Donostiako Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren 13. ekitaldian parte hartutakoa izango da; beste bat Kimuak 2014an hautatutako proiektuetako baten egilea; beste bat Clermont-Ferrand film laburren jaialdiko Labo Sailaren 37. ekitaldiko partaide izana; eta beste bat aurreko baldintzetako bat bera ere betetzen ez duen Araba, Bizkai edo Gipuzkoako zinemagile bat izango da.

2016ko Zinemaldiari begira

Egitasmoak aurkezteko epea zabalik dago, eta apirilaren 1ean itxiko da. Nazioarteko aditu batzorde batek egingo du hautaketa aurkeztutako egitasmoen artean. Antolatzaileek espero dute lagundutako egitasmoetako batzuk —edo akaso laurak— Donostiako Zinemaldiaren 2016ko ekitaldian ikusteko moduan izatea.

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak esan du urteak beharko direla fruituak igartzeko, baina espero duela urte batzuen buruan programa sendotu, egonkortu eta estimatua izatea, «gaur egun Kimuak den bezala, adibidez». Berlin eta Cannesko jaialdiek antzeko egitasmoak dituztela gogorarazi du Rebordinosek, eta sarituei lagunduko dieten nazioarteko adituak oso maila handiko profesionalak direla aurreratu du.

Zinemagintzako ohiko diru laguntzen osagarri izateko bokazioa du Ikusmira Berriak programak, Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendariaren arabera: «Industriari begira emandako diru laguntza batzuk badaude gaur egun, Jaurlaritzak emandakoak eta gisakoak. Baina badaude bestelako eremuak ere, dokumentalaren eta fikzioaren arteko border-line horretan daudenena adibidez, eta guk hori sustatu nahi dugu».

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.ikusmiraberriak.eu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.