Berreskuratutako Aresti

Gabriel Aresti idazleak 1962an sortutako 'Mailu batekin; biola batekin' poema bilduma liburu formatuan kaleratu du Bilboko Udalak

Jon Kortazar ikerlaria liburu aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
«Hemen,/ askotan esan dut,/ ez dago herri bat;/ hau da/ herri baten kontra/ altzatu eta zabaldurikako/ hiria». Ezagun ziren Gabriel Aresti poetak Bilbori idatzitako hitz mingots horiek, bainalehenengoz pentsatu zituen bezala argitaratu dituzte orain. 1962an Mailu batekin: biola batekin poema bilduma aurkeztu zuen idazleak Euskaltzaindiak antolatutako Lizardi sarietara, baina ez zuen irabazi, eta hurrengo liburuetarako baliatu zituen gero bilduma hartako poemak. Hala egin dira ezagun poema horiek, baina orain arte bere horretan argitaratu gabea zen poema horiek biltzen zituen lehen proiektu hura. Mailu batekin; biola batekin. Gabriel Aresti 1962 liburuan kaleratu ditu orain Bilboko Udalak, etaJon Kortazarrek eta Paulo Kortazarrek antolatu dute edizioa. Argitalpenaren garrantzia azpimarratu dute ikerlariek. «Honek erabat aldatzen du Arestiren lanaren kronologia». Idazlearen argitaratu gabeko bederatzi eskutitz ere txertatu dituzte bukaeran.

Arestiren lanaren ikerlariek esanda, jakina da Lizardi saria ez irabazi izanak sutan jarri zuela idazlea. Horretarako idatzi zuen Mailu batekin: biola batekin bilduma, baina ez zuen helburua bete. Poema berri batzuk gehitu, ordena aldatu eta berriz aurkeztu zuen sariketara 1965ean, eta irabazi egin zuen orduan sariketa Euskal Harria eta beste 30 poema izenburuarekin, eta lan hori ere handituz joan zen Euskal Harria liburua bilakatzeraino. Ezagunak dira, beraz, orain Bilboko Udalak kaleratutako liburuan ageri diren 31 poema horiek, baina, Kortazarrek zehaztu duenez, idazleak poema horiei emandako ordena ez da orain arte ezagutu. Eta hor dago argitalpenaren garrantzia, haren hitzetan. «Margolan erakusketa batean koadroen ordena aldatuz gero, beste erakusketa batean gaudela esan daiteke? Poesian behintzat bai. Poema liburuaren egitura edo ordena aldatuz gero erabat bestelako literatur proiektu bat da. Eta kasu honetan ezezagun zitzaigun Arestik 1962an garatutakoproiektu hau».

Kortazarrek zehaztu duenez, Harri eta herri argitaratu aurrekoak edo garaitsukoak dira poemak, eta, ikerlariaren hitzetan, hortxe dago argitalpenaren garrantzia. «Mailu batekin: biola batekin hau idazlearen harriaren zikloaren aurrekari bat baino gehiago haren ernagarri bat da. Hasiera da». Genesi momentu hori da liburuan ikus daitekeena, adituaren arabera, 1962ko bilduma horrek erakusten baitu poetak prest zuela jada poesia soziala lantzeko proiektua. Eta hori da Bilboko Udalak kaleratu duen liburuan irakurleak topa dezakeena. «Horregatik da baliagarria liburu hau», laburbildu du.

Nahasia da Arestiren argitalpenen historia, halere, eta Euskal Harria liburuaren historia da horren frogarik argiena. Karmelo Landa literatura ikerlariak zehatz aztertua du haren historia, eta, hark egindako ikerketetan ageri denez, liburu hartarako 120 poema bildu zituen Arestik, baina zentsurak 60 olerki baino ez zizkion utzi, eta erabat murriztuta heldu zen horregatik liburu dendetara. Azkenean, 1986. urtean argitaratu ahal izan zuten Landak eta bere taldeak liburu hura oso-osorik, Gabriel Arestiren Literatur Lanak bildumako hirugarren liburukian. Eta hain zuzen ere, orain Bilboko Udalak kaleratu duen bildumarekin hasten da poema horien historia bihurria. «Ibilbide garratz horretan Mailu batekin: biola batekin proiektu osoaren lehen urratsa da»,zehaztu du Jon Kortazarrek libururako idatzitako sarrera testuan.

«Kritikalaria hil da»

Bestetik, liburu bukaeran txertatutako bederatzi eskutitzetan, hainbat gai jorratzen ditu poetak. Euskaltzaindiari buruz duen ikuspegia zein den ezagut daiteke, literaturari buruzko ideia batzuk ere badaude, eta bere ideologia politikoaren zantzu batzuk ere sumatu daitezke. Txabi Etxebarrietaren heriotzak eragindako zirraraz ere mintzo da Aresti. «Lotsa haundi bat sartuzait barrenean hain gutxi lan egiten dudalako gure euskeraren alde. Hemendik aurrera guztiz entregatuko natzaio gure beharrari. (...) Kritikalaria hil da, eta haren ordez eraikitzailea sortu da».

Naiel Ibarrola artistaren irudiz apaindu du Bilboko Udalak liburuaren edizioa, eta Jon eta Paulo Kortazarren eta Kirmen Uribe idazlearen sarrera testu bana ere badakartza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.