Trump prest dago 1,8 milioi immigranteren egoera legeztatzeko hesiaren truke

AEBetan dauden 690.000 'ameslariei' eragingo die neurriak. Otsaileko bigarren astean bozkatuko dute proposamena AEBetako Kongresuan

Kristina Berasain Tristan.
2018ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetan dauden dreamer-ei amesten jarraitzeko zirrikitu bat zabaldu zaie. Haurrak zirela herrialdera iritsi ziren gazteak dira dreamer edo ameslariak, eta, berez, martxora arteko epea daukate herrialdea uzteko. Donald Trumpen migrazio politika polemikoaren azken neurria izan zen hori, kanporatzearena, baina orain atzera egin du presidenteak, trukean bere kanpainako promesahandienetakoa gauzatzeko; Mexikoko hesia eraikitzen bukatzea.

Kongresuari proposatutako migrazio erreforma horrek ameslariei aukera emango die herritartasuna hamar edo hamabi urteren buruan lortzeko, baldintza batzuk betetzen badituzte: lana, ikasketak eta «jarrera moral egokia» izatea, besteak beste. Trumpek, trukean, 25.000 milioi dolar eskatu dizkio Kongresuari AEBen eta Mexikoren arteko mugan dagoen hesia bukatzeko. Kanadako mugan kontrola zorrozteko asmoa ere badu, eta pertsona eta salgaien trafikoaren gaineko neurriak gogortzekoa.

Barack Obama presidenteak 2012an abian jarritako programa bati esker hartu zuten ameslariek aterpe Estatu Batuetan: DACA. Dekretu bidez babestu zituen herrialdera 16 urte baino gutxiagorekin eta dokumentaziorik gabe iritsitakoak. Trumpen proposamena, baina, haratago doa; egun 690.000 dira ameslariak, eta, agintariaren azken proposamenak 1,8 milioi migratzaileri eragingo lieke.

Trumpen norabide aldaketa ulertzeko, alderdien barruan izan dituen oztopoez hitz egin beharra dago. Errepublikanoek ez zuten begi onez ikusten ameslariak kanporatzeko neurria, eta demokratekin immigrazio politika malguago bat adosten ibili dira. Trumpen azken adierazpenak horren ondorio dira. Davosen egindako elkarrizketa batean, esan du «ameslariak pertsona onak» direla eta «herrialdean geratzeko aukera» izan beharko luketela: «DACAren arazoa konponduko dugu».

Kongresuak otsailaren bigarren astean bozkatuko du legea. Errepublikanoek gehiengoa dute han, baina demokratek proposamena atzera botatzeko adinako indarra dute.

Bisa kopurua

Trumpek, bestalde, ausazko bisen esleipena bertan behera uzteko eskatu du. Urtero 50.000 arteko bisa banatu ohi dituzte, ausaz, tradizionalki herrialdera migratzeko ohitura gutxi duten estatuen herritartasuna dutenen artean, bereziki Afrikako herrialdeen artean. Trumpek, orain, kualifikazio handiko langileei eta familiei banatzea proposatu du.

Migratzaileen batasun familiarrerako neurriak ere aldatu nahi ditu. Estatubatuarrek atzerrian dituzten bikotekide eta seme-alabentzat soilik eskatu ahal izango dute egoiliar txartela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.