«Aldaketaren gobernuak» kargua hartu du Italian, Conte jurista buru duela

Di Maio Lan eta Garapen Ekonomikorako ministro izango da, eta Salvini, Barne ministro. Savonari EBrako politiken ardura eman diote

ander perez zala
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
«Aldaketaren gobernua», M5S5 Izar Mugimenduaren eta Lega Nord alderdiaren gobernua, boterean dago jada, Giuseppe Conte buru duela. Ia hiru hilabete behar izan dituzte indar politikoek Sergio Mattarella Italiako presidentea konbentzitzeko, huts egin zuen beste ahalegin bat medio, baina helburua bete dute, berriz hauteskundeetara joateko aukera edo gobernu teknokrata bat osatzeko aukera inoiz baino biziago zeudenean. Gobernu berriak atzo egin zuen karguaren zina, Quirinale jauregian: Conte izango da lehen ministro, duela hiru aste arte guztiz ezezaguna zen jurista, eta M5Sko Luigi Di Maio eta Legako Matteo Salvini izango ditu lehen ministrorde. Karguen izenaren arabera gorago dagoen arren, ikusteko dago Conte Di Maioren eta Salviniren menpe egongo den, ala askatasunik emango ote dioten.

Bi indar politikoen buruzagiek botere handia izango dute gobernu berrian: lehen ministrorde izateaz gain, M5Sko buruzagia Lan eta Garapen Ekonomikorako ministro izango da, eta Legakoa, Barne ministro. Hau da, hauteskunde kanpainan biek hitzeman zituzten neurri politikoak bultzatzeko bi kargu hartu dituzte. «Lanean hasiko gara, lana sortzeko», adierazi zuen atzo Di Maiok.

Herenegun adostu zuten bigarren gobernu akordioa M5Sko eta Legako liderrek. Mattarellak lehen saialdia zapuztu zien, orduan proposatutako Ekonomia ministrogaia, Paolo Savona, ez baitzuen gogoko, euroaren aurkakoa izateagatik. Hasieran bozetara joatearen aldekoa zen arren, Di Maiok Salvinik konbentzitu zuen bigarren saialdia egiteko, eta oraingoan lortu dute Mattarellaren oniritzia. Ekonomia ministrogaia aldatu zuten, baina Italiako presidenteari aurkeztuko zioten ministrogaien zerrendan mantendu dute Savona: EB Europako Batasunerako politika arduraduna izango da. Salviniren arabera, Savona «EBko zenbait lege» negoziatzen saiatuko da.

Ganberen babesa

Datorren astean izango du Contek lehen hitzordu garrantzitsua: Diputatuen Ganberaren eta Senatuaren konfiantza botoa irabazi beharko du. Ez luke arazorik izango, M5Sk —222 eta 109— eta Legak —124 eta 58— gehiengo osoa baitute bi ganberetan.

Horren ostean, nazioarteko hitzordu garrantzitsu bat izango du: G7 taldearen, herrialde industrializatuenen bilera, Kanadan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.