Miren Amuriza.
BIRA

Elkartasunez

2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Idazten barik bertsotan ari banintz, mikrofonoari buelta eman, eta oholtzatik jaitsiko nintzateke gaur; Rajoy erori orduko Auzitegi Nazionalak (terrorismo deliturik ikusi ez arren) Altsasu, Errenteria eta Beasaingo hamabi gazte urte bitik hamahirurainoko kartzela-zigorretara kondenatu biharamunetan.

Horrelakoetan ez baita erraza izaten bihotza, burua eta eskuak taxuzko zerbait esateko moduan koordinatzea. Ez duzu hunkiduran jausi gura izaten, mina eta amorrua kanporatzea mesedegarri gertatu arren, autokonpasiora eroan eta hantxe, zuloan, trabarazi zintzakeelako. Ordea, era berean, gisako egoerak bizi izan dituzten familiekin, lagunekin akordatuta, ezin egoeraren irakurketa emoziogabetu bat ere egin. Ez dituzu bururatzen zaizkizun lehenengo ideiak, hamaikatxo aldiz entzuniko horiek, errepikatu gura izaten: inpunitatea, mendekua, neurrigabetasuna... Eta, era berean, ezin ezer berririk asmatu; korapilo hauek denak amen batean libratuko lituzkeen konjururen bat-edo. Ez duzu kanta epikoen leloz eta traolaz jositako panfleto bat idatzi gura izaten, eta arinkeria, arduragabekeria hutsa iruditzen zaizu, halaber, txoriei eta kaiolei buruzko metafora txepelen batekin orria betetzea ere.

Horrexegatik emango nioke buelta mikrofonoari idazten barik bertsotan ari banintz: bestaldean, zigortuen alboan dauden, zaudeten horien bozak entzun daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.