Miren Amuriza.
BIRA

Presidente ohia

2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Presidente batek gaurkoa lako larunbat goiz batean zer egiten duen? Zer egingo du, ba? Presidente zapatilak jantzi, jangela presidentzialera jaitsi, presidente katiluan presidente kruasana busti eta presidente egunkaria irakurri.

Bai, Rajoyk ere bai. Ordea, hark antiazidoa ere hartu beharko zuen gaur: zortzi orduz egon zen ostegun arratsean Madrileko jatetxe batean; hantxe, ministroz inguratuta jan-edanean bera, kongresuan lantzean diputatu bat Saenz de Santa Mariaren poltsari zuzentzen zitzaion bitartean (poltsak bete baitzuen Rajoyk hutsik lagatako jarlekua). Kasketak emanda joan zen hemiziklotik, partida galdu duela jabetzean denbora baino lehen zelaitik irten eta taldekideak zintzilik uzten dituen umearen antzean. Eta Mostolesko zezen plazan izan zuen istriputxoa gogorarazi zidan; Esperanza Agirrerekin helikoptero batera igo eta aireratu orduko, plaust, amildu zeneko hura. Gainkargagatik erori ei zen, da: ustelkeria agerian eta 155.a indarrean; pentsiodunak haserre eta txiolariak, kantariak, politikariak kondenatuta...

Eta Rajoyk gaurkoa lako larunbat goiz batean zer egingo ote duen diostazu? Ba, presidente zapatilak janzten, jangela presidentzialera jaisten, presidente katiluan presidente kruasana busti eta presidente egunkaria irakurtzen zuenekoaz gogoratu. Ez, presidente ohientzako kruasanik ez dute egiten. Esatea ere...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.