Miren Amuriza.
BIRA

Puntuala

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Puntuala naiz baina etxetik irtetear nagoenean, hargatik ez bada honegatik, beti egiten dit ihes (bost minutuko atzerapentxoarekin bizi zaretenok ulertuko nauzue).

Atzo goizean, adibidez, 40 minutu nituen gosaldu eta janzteko: utzi nuen katilua arraskan eta non ikusten dudan, sukaldeko leihotik, pareko bizilaguna alfonbra astintzen: ostra! Eta nik garbigailua bart gauetik hutsitu barik... Arropak eskegitzen nabilela, mugikorra joka: kuadrillako baten eguna; Whatsapp taldean zorionak, amona baten GIFa, iji eta aja... Eta handik ordu laurdenera, logelara itzuli nintzenean, falta zela konturatu: kaka! Segituan hasi nintzen bila, armairuan, ohepean: non gorde zara? Ordea, haren arrastorik ez. Banoa komunera, atostean begiratzekotan, eta ispiluaren aurrean: ui, iletxo bat kokotsean! Kendu eta buelta sukaldera mahaipean, frigorifikoaren gainean, zartaginen tiraderan begiratzera: zartagin hau... garantian ote dago oraindik? Eta, hantxe, tiraderan burua sartuta nengoela, pisukideak atzetik: zeren bila zabiltza? Eta nik: denbora galdu dut! Eta berak: berriro? Eta nik: bai, mugikorrarekin despistatu naiz une batez eta auskalo non sartu den... Eta berak: ez zenuen leihoren bat zabalik edukiko, ez? Eta nik: joder, arropak eskegi ditudanean!

Leihotik eskapatu zitzaidalako, horrexegatik berandutu nintzen atzo. Ez puntuala ez naizelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.