Miren Amuriza.
BIRA

Erotasuna

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Erotasunaren Harrotasun eguna da maiatzaren 20a (Mad Pride), 1993an Toronton abiarazi zutenez geroztik, Estatu Batuetako, Hego Ameriketako eta Europako hainbat herrialdetara hedatua, Frantzia, Katalunia, Espainia eta Euskal Herrira besteak beste (aurten Iruñean eta Gasteizen ere ospatuko da, esaterako). Dibertsitate mentala ikusaraztea, estigma gainditzea, ahalduntzea ei da parte hartuko duten kolektiboen helburua. Adi egotea dagokigu, beraz, gainontzekooi, inklusioa defendatzen dugunon artean ere, sarritan izaten dira-eta hanka-sartzeak (ezezagutzagatik beste ezergatik bainoago).

Politikoki zuzenak izan gura izaten dugu batzuetan eta, erotasuna ez aipatzearren, gaixotasunera jotzen; gaixotzat, ezgai edo koitadutzat hartzen ditugu gaitz mentalak dituzten pertsonak eta, barren-barrenean, ez dugu bakerik edukitzen harik eta diagnostiko zehatza zein duten jakin arte (etiketatu, bereizi arte, alegia). Besteetan, alderantziz: zapalduaren bandera geureganatu eta, hala egon zein ez, erotzat hartu zituztenen oinordekotzat aurkezten dugu geure burua (estatistiken arabera, bizitzan zehar gaitz mentalen bat edukiko duen lautik banako hori geu izan gaitezkeenik pentsatu barik, noski). Ordea, beharbada, kontua ez da izango zoroetxea zein den galdetzen jarraitzea, gurea ala zuen aldea; ezpada tarteko murrua nola eraitsi pentsatzen hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.