Amodio mozorroduna

Marie de Jongh konpainiak Jokin Oregiren 'Amour' estreinatuko du hilaren 23an Arriagan.Amodioari buruzko obra da, adin guztientzakoa

Amour eszenaratuko duen lantadea, atzo, Arriaga antzokian. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Bilbo
2015eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Gauza txikien irakurketa sakona egiten da antzezlan honetan. Horixe da ekoizpen honen balio nagusietakoa». Elisa Sanz zuzendari artistikoarentzat erronka handia izan da Jokin Oregik sortu eta Tartean Teatroaren Marie de Jongh konpainiak ekoitzitako Amour obra aurrera ateratzea. Urtebete inguru eman dute ikuskizuna lantzen Javier Renobales, Ana Martinez, Ana Meabe, Pablo Ibarluze eta Anduriña Zurutuza aktoreekin. Sanzen esanetan, estetika zaindua eta landua lortu dute. «Artistikoki, eta irudi aldetik, oso ekoizpen garbia da, eta zuzendaritza aldetik, oso sendoa eta zehatza».

Eskakizun maila handi horren zergatiaren arrazoia pisuzkoa da: testurik gabeko ikuskizuna da Amour. Hori horrela, irudi eta keinuen bidez kontatzen zaigu istorio guztia. Eta, gainera, aktoreek maskara batekin estalita daramate aurpegia. «Modu honetako jantzitegiarekin lan egiten dudan lehen aldia da. Bolumenak sortu, pertsonaien nortasuna maskara batean islatu... ez da lan makala izan», adierazi du zuzendaritza artistikoaren eta eszenografiaren arduradunak.

«Oso proiektu berezia izan da», nabarmendu du Jokin Oregik, piezaren sortzaile eta zuzendariak. Arriaga antzokiak Euskal Herriko antzerki konpainia batekin antzezlan bat ekoitzi duen lehen aldia da; adin guztientzako antzezlan bat, hain zuzen. «Maite dugu belaunaldi desberdinek kontsumitu, gozatu eta partekatuko dituzten ikuskizunak sortzea», azpimarratu du Oregik. Izan ere, 7 urtetik gorako umeentzat gomendatuta dago, baita askoz nagusiagoentzat ere. «Umeentzako helduen antzerkia eta helduentzako umeen antzerkia da. Familia osoarentzat». Zuzendariaren esanetan, horixe da nahi dutena: umeek eta nagusiek antzerkia elkarrekin gozatzea. Eta Arriaga antzokia, emozioak, gogoetak, zalantzak eta egiaztapenak konpartitzeko topaleku bihurtzea. «Bisualki erraz irakurtzen den istorioa da, indartsua eta zirraragarria».

Emozioen jolasa

Izenburuak ondo adierazten duen moduan, antzezlanaren gai nagusia maitasuna da, «maitasuna gauza guztien gainetik, nahi duzunarekin eta askatasunean». Istorio nagusia bi emakumeren arteko amodio harremana da. Baina ez da bakarra, gizon eta emakumeen arteko maitasun kontuak ere badaude. Edota bi anaien artekoak. Maitasunaren benetako esanahiaren bila arituko dira pertsonaiak, oraindik ume direlarik, eta bilaketa horretan, denboraren zentzua galdu, eta zahartu egingo dira.

Oregiren hitzetan, «Gabonetako istorio garaikide bat da, eta maskararen kontuak magia puntu bat gehitzen dio». Mozorro horrek, ikuslearekiko distantzia areagotu ordez, ikuslearen arreta pizten duela argitu du, emozioekin jolastuz.

Aktoreek azaldu dutenez, ikastaro bat egin behar izan dute maskara bidezko hizkuntzan trebatzeko. «Maskarak kodigo desberdin bat dauka, beste hizkuntza bat. Baina maskararen atzean aktorea dago, eta aktorea da maskara horri emozioa ematen diona», esan du Javier Renobales aktoreetako batek. Hori lortzeko, zorrotz lan egin dutela nabarmendu du.

Ikus-entzuleak hunkitzeko eta animo egoera batetik bestera eramateko orduan musika da beste funtsezko elementu bat. Pascal Gaigne musikagilea arduratu da horretaz. Beren-beregi sortu ditu konposizioak Amour-erako.

Erabateko estreinaldia datorren asteazkenean izango da, abenduaren 23an. Ondoren, beste bi emanaldi egingo dituzte, hilaren 26an bata, eta 27an bestea. «Gabonetarako plana».

Marie Jongh konpainiak keinu bidezko ikuskizunak baino ez ditu egiten. Eta, horregatik, nazioartean ate asko zabaldu zaizkie. Estatu Batuetan izan dira, Polonian, Herbehereetan, Frantzian, Italian...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.