Bertsolaritza zientifikoki ikertzeko doktore tesirako deialdia irekita dago

Mikel Laboa katedrak, EHUk eta Mintzola fundazioak sortu dute elkarlanean.Eskariak aurkezteko azken eguna irailaren 12a izango da

Erredakzioa
Donostia
2014ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Bertsolaritza alderdi zientifikotik lantzeko, Mintzola fundazioak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Mikel Laboa katedrak doktore tesi bat egiteko ikerketa kontratua sortu zuten elkarlanean, iaz. Aurten ere gauzatuko dute, eta deialdia irekita dago jada. Eskariak aurkezteko azken eguna irailaren 12a izango da.

Beñat Gaztelumendi Mintzolaren patronatuko kide eta horren Ikerkuntza arduradunaren esanetan, bertsolaritza ikertzea da haien egiteko nagusia, eta, horregatik, Euskal Herriko ehundik gora bertsozale, eragile eta aditurekin Ikerketa Ekintza Parte Hartzaile (IEPH) prozesua gauzatu zuen Bertsozale Elkarteak, 2011 eta 2012an. Haren emaitzak ikergai batzuk lehenetsi zituen.

Mikel Laboa katedraren egiteko bat da artearen adierazpenei zein euskal artisten obrari buruzko doktore tesiak sustatzea, eta Juan Kruz Igerabide katedraren zuzendariaren esanetan, bertsolaritzari arreta berezia eskaintzen zaio.

Aurreneko ikerketa kontratua iaz adjudikatu zuten. Hartara, bertsolaritzaren transmisioari buruzko lan bat osatzen ari da Miren Artetxe, gaur egun. Bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotza. Ipar Euskal Herriko gazteen hizkuntz identitate eta portaerak dauka izena proiektuak, eta, Igerabideren esanetan, ikuspegi antropologikoa aukeratu du Artetxek hori garatzeko. «Baina hainbat alorretako ikerketak gauza daitezke», zehaztu zuen Mikel Laboa katedraren zuzendariak. Aurtengo deialdian, Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak kontuan izango ditu epaimahaiak, aurkeztutako lan guztien artean aukeraketa egiteko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.