Ariketa arduratsua

Metrokoadroka kolektiboak eta Bide Ertzean-ek Joxan Artzeren azken bi liburuetako poesiekin osatutako ikuskizuna DVDan kaleratu dute
Joni eta Imanol Ubeda Bide Ertzean-eko kideak, eta Oier Guillan Metrokoadroka kolektibokoa, atzo, Donostian, DVDaren aurkezpenean.
Joni eta Imanol Ubeda Bide Ertzean-eko kideak, eta Oier Guillan Metrokoadroka kolektibokoa, atzo, Donostian, DVDaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARP

Igor Susaeta

2015eko irailak 16
Bide Ertzean taldeak badauka, azkenaldian, kultur ondarearekiko kezka bat, Imanol Ubeda taldeko abeslari eta gitarristak dioenez. Metrokoadrokak ere badu ardura hori, Oier Guillan kolektiboko kidearen esanetan. Usurbilgo Jexux Artze kultur elkartekoek (Gipuzkoa) sentipen hori bideratzeko aukera eman zieten. Joxan Artze Jexuxen anaiak 2013an Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar) poesia liburuak kaleratu zituela-eta, elkartekoek egileari proposatu zioten «errezitalen bat-edo» egitea, Joxerra Furundarena kidearen hitzetan. Ez zuen nahi, ordea. Galdetu zioten ea zer irudituko litzaiokeen beste batzuek ontzea eta musikaz janztea, eta baietz. Beraz, Bide Ertzean-ekoengana jo zuten, eta horiek, ondoren, Metrokoadrokoengana. Artzeren bi lan horietan oinarritutako Nola belztu behar zuria ikuskizuna estreinatu zuten Usurbilgo Sutegi auditoriumean, eta gero beste zazpi-zortzi emanaldi egin Euskal Herriko hainbat tokitan. Azkena, joan den apirilaren 24an Sutegin bertan taularatutakoa, grabatu egin zuten, eta DVDan kaleratu dute Elkar argitaletxearen bidez eta Usurbilgo Udalaren laguntzarekin.

Hamabost pieza dauzka ikus-entzunezkoak, eta honako hauek biltzen ditu: Metroakodrokako Guillan eta Asier Sarasolak egindako Artzeren zenbait testuren «deklamazioak», zazpi poemarekin Bide Ertzean-eko Imanol Ubedak, Karlos Aranzegik (bateria) eta Joni Ubedak (baxua) osatutako zazpi kantu propio, eta baita poemak biltzen dituen liburuxka bat ere.

Saioak egin ahala, Ubedak pentsatu zuen «nola edo ahala» erregistratu beharra zeukatela egiten ari zirena, «polita izango zela». Ariketa ederra izan zen haientzat, baina hasieran estualdia sentitu zuten, azken finean beraiena ez den obra bati heldu diotelako. «Artze, gainera, totem bat da guretzat, eta ez da erraza haren iruditerian sartzea eta kantu berriak sortzea». Gehien kostatu zitzaiena izan zen «tonua» hartzea.

Artzek liburuan eskuz idatzitako poemak hartu dituzte. Horietan asko aipatzen dira, Ubedaren esanetan, «liliak, kantuak, kantari...», eta kontzeptu horiek izan dira kantuetarako «osagaiak». Premisa bat zeukaten abestiak ontzerakoan: «Poemek agindu behar zuten, eta, aldi berean, oso inportantea zen deklamatzaileekin uztartzea; alegia, ez izatea gauza bereizi bat: alde batetik poetak, eta bestetik kantariak». Trinkotasuna lortzen ahalegindu dira; izan ere, berez «soila» da emanaldia.

Proposamena egin zietenean, Guillanek bi gauza pentsatu zituen. Batetik, «plazera» zela Bide Ertzean-ekin lan egitea, hasieratik izan direlako haien zaleak. «Eta, bestetik, Joxan Artzeren izena entzun genuenean, pentsatu genuen zor bat kentzeko aukera genuela». Atzo egindako aurkezpenean kontatu zuenez, 1990eko hamarkadaren amaieran eta 2000koaren hasieran aukera eduki zuten Artzerekin hainbat proiektu egiteko, artean Mikelazulo kultur elkartean zebiltzanean. «Beti aholkatu izan digu nola errezitatu, eta proiektuak argitaratzera animatu gaitu». Artzek adierazitako maitasunari erantzuteko aukera izan da ikuskizuna, Guillanen ustez, baina «ardura» bat ere sentitu dute. «Badakigulako oso zorrotza eta exijentea dela bere lanean».

Ahalegindu dira beren estetika, ahotsa eta egiteko modua ikuskizunera eramaten, «baina fidel izanik» liburuetako eduki, ardatz eta Artzeren egiteko moduari. «Errezitatzerako orduan, intimotasunari eta esperimentaltasunari lekua egin diegu».

Hilaren 22an, Iruñean

Ikuskizunaren izenburua sortzaileek aukeratu zuten. «Artzeren obra guztian, motibo batzuk asko errepikatzen dira. Galdetzen du, esaterako, nola belztu behar den zuria. Eta zuri hori izan daiteke lurra, heriotza, idazketa bera...». Hortik izenburua, Guillanek atzo azaldu zuenez. Datorren asteartean oholtzaratuko dute, hilaren 22an, Iruñeko Civivox aretoan (19:30), eta aurrerantzean ere emanaldi gehiago egiteko intentzioa daukate.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna