Bertsolaritza kultur intereseko ondasuntzat jo du Nafarroako Gobernuak

Ondare materiagabearen atalean, Nafarroako seigarren izendapena da bertsolaritzarena. Hilaren 20rako antolatu dute aurkezpen ekitaldia

Julio Soto, iaz, Nafarroako Bertsolari Txapelketan. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA.
Erredakzioa
Iruñea
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak bertsolaritza Nafarroako kultur intereseko ondasun izendatzea onartu du, ondare materiagabearen kategorian. Atzo goizean egindako bilkuran hartu zuen erabakia, eta Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak eman zuen izendapenaren berri.

Bertsolaritza Nafarroako kantu inprobisatuaren adierazpiderik nabarmenena eta hobekien kontserbatu dena dela adierazi zuen kontseilariak. Halaber, bertsolaritzak duen errotzea, komunitatearen babesa eta egiten ari den transmisio lana nabarmendu zituen, besteak beste. Izendapenak bertsolaritza bizirik mantentzen lagundu nahi du, kontrolatutako eraldaketa ahalbidetuz.

Hilaren 20an izendapena aurkezteko ekitaldi bat egingo dute, 18:00etan, Nafarroako Museoan. Bertan, gobernuko ordezkariek ez ezik, Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkari batek, Julio Soto Nafarroako txapeldunak eta Alfredo Asiain irakasle eta ahozkotasunean adituak ere parte hartuko dute. Ekitaldia irekia da, eta, hura bukatzean, bertso saio bat izango da museoko atarian.

2011n hasi zen izendapenerako prozesua, eta orain eman du fruitua. Ondare materiagabearen arloan Nafarroak onartuko seigarren kultur intereseko ondasun izendapena da bertsolaritzarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.