Bilboko Guggenheim eta Arte Ederren Museoa ez dituzte oraingoz handituko

Bizkaiko Kultura diputatuak adierazi du agintaldia amaitu aurretik ez dagoela modurik bi zentroek eginiko eskaria aurrera eramateko

Bilboko Guggenheim museoa, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE.
Erredakzioa
Bilbo
2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Bilboko Guggenheim museoa eta Arte Ederren Museoa ez dituzte handituko. Ez, behintzat, agintaldia amaitu aurretik. Bi zentroetako zuzendariek horren inguruan egin izan dituzten eskariei erantzun zien Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuak atzo, Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura Batzordean egin zuen agerraldian. Dena den, «diskrezioz» lanean ari direla esan zuen, eta gehitu hainbat azterketa eskatu dituztela.

Bilboko Arte Ederren Museoa handitzea «premiazkoa» dela adierazi zuen Miguel Zugaza zuzendariak iazko abenduan, elkarrizketa batean. Haren aburuz, zentroak handitzea beharrezkoa du «bere bilduma hobeto zabaldu eta egitarau anbiziotsuagoa garatu ahal izateko». Guggenheim handitzea ere beharrezkotzat jo zuen Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariak joan den hilean, beste elkarrizketa batean. Hogei urte bete berri ditu museoak, eta 1,32 milioi bisitari jaso zituen iaz. Aretoak masifikatzeko arriskuaz ohartarazi zuen Bidartek, eta gogorarazi zuen Guggenheim handitzeko plana aspalditik dagoela mahai gainean. Urdaibai aipatu zen garai batean handitze horretarako aukera gisa; hori edo beste lekuren bat izan daitekeela aipatu zuen zuzendariak.

«Agintaldi honetako egoera ikusita», ordea, proiektu horiei heltzeko modurik ez duela ikusten esan zuen Bilbaok atzo. Handitzean pentsatu aurretik, egungo jarduerari etekin handiagoa nola atera hausnartu behar dela adierazi zuen, eta, edozein modutan, zentroak handitzekotan gizarte eta kultur eragileekin egindako gogoeta sakon baten ostean izango dela gehitu zuen, betiere «adostasun zabalak» lortuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.