Mariasun Landa eta Jean Baptiste Orpustanentzat Eusko Ikaskuntza sariak

Humanitate, kultura, arte eta gizarte zientzietan aktibo jarraitzen duten curriculum nabarmenenak saritzen dituzte, 20.000 eurorekin
Jean-Baptiste Orpustan eta Mariasun Landa.
Jean-Baptiste Orpustan eta Mariasun Landa. S.S./ IPARLA - JON URBE / ARGAZKI PRESS

Ilargi Agirre

2014ko ekainak 18
Bi lagunen artean banatuko dute aurten Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria: Mariasun Landa idazlearen eta Jean-Baptiste Orpustan hizkuntzalariaren artean. Humanitate, kultura, arte eta gizarte zientzien alorrean aktibo jarraitzen duten curriculum nabarmenenak saritzen dituzte. Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok eta Laboral Kutxako lurralde zuzendari Pello Ugaldek atzo jakinarazi zuten nortzuk diren aurtengo sarituak.

Sariketako epaimahaiaren arabera, Landak haur eta gazte literaturan argitaratutako lanek ikuspegi «kritikoa» eta «berritzailea» dute, eta euskal gizartearen garapenean lagundu dute. «Euskal kultura bultzatu du Landak zentzurik zabalenean».

Orpustan euskal kulturaren «erreferentea» izan dela adierazi du epaimahaiak. Ipar Euskal Herrian onomastikan, euskal literaturan eta itzulpen literarioan egindako lanak goraipatu dituzte bereziki. Hizkuntzalariaren ibilbidea koherentea eta konpromiso handikoa izan dela ere gaineratu dute.

Eusko Ikaskuntza sariaren irabazleak 20.000 euro jasotzen ditu; aurten bi irabazleen artean banatuko dute dirua. Iaz Mari Carmen Gallastegik eta Francisco Etxeberriak jaso zuten saria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna