Itzultzen direnak

Hitzaldi sorta antolatu du BilboZaharra euskaltegiak itzulpengintzaz, eta 'Metamorfosia'-ren irakurketa publikoa antolatu dute ekainerako
<em>Metamorfosia</em> da Franz Kafka idazlearen lanik ezagunenetariko bat.
Metamorfosia da Franz Kafka idazlearen lanik ezagunenetariko bat. BERRIA

Iñigo Astiz -

2016ko otsailak 25
Gizon oheratu, intsektu jaiki. Ehun urte bete dira 2015ean Franz Kafkak Metamorfosia kaleratu zuela, eta liburu hori aukeratu dute horregatik Bilboko Bilbo Zaharra euskaltegikoek ekainean Arriaga antzokian egingo den irakurketa publikorako. Liburu haren euskarazko itzulpena, zehazki. Izan, itzulpengintzaren garrantzia baita benetan Kafkaren liburua hautatzera bultzatu dituena, eta itzulpengintza izango da horregatik irakurketa publikoaren aurretik antolatu dituzten hitzaldi saioen ardatza. Martxoaren 1ean, 2an eta 3an egingo dituzte hiruhileko honetako hiru ekitaldiak, eta ekainean izango dira hurrengo hiruhilekokoak.

«Kasik lan berriak sortzeak besteko garrantzia du itzulpenak». Bi garai bereizten ditu Pedro Alberdi jardunaldien antolatzaileak. «Nire belaunaldiaren bueltan gabiltzanok gaztelaniaz irakurri ditugu literaturako klasikoak. Haietako asko euskarara itzulita daude jadanik, eta gaur egungo gazteek edukiko dute horiek denak euskaraz irakurtzeko aukera, guk ez bezala. Eta iruditzen zait bi pertsona diferente direla horiek denak gaztelaniaz irakurri dituena, eta horiek denak euskaraz irakurri ahal izan dituena». Detaile horren bidez nabarmendu du Alberdik euskal literaturaren garapenean itzulpengintzaren garrantzia. Eta, horregatik, aurtengo irakurketa publikorako aukera. Horregatik Kafka. Haren lanik ezagunenetariko baten mendeurrenak ematen duelako aukera itzulpenaz aritu ahal izateko.

«Erabaki dugu euskaraz sortutako testuen balio bera ematea itzulpenaei, oso garrantzitsuak direlako euskal literaturarentzat». Eta orain arte egindako irakurketa publikoen zerrenda irakurtzea nahikoa da Alberdik dioena ulertzeko. 2008an Axularren Gero liburuarekin abiatu zuten egitasmoa, eta beste zazpi idazleren lanak irakurri dituzte geroztik. Juan Antonio Mogelen Peru Abarka, Jon Miranderen Haur Besoetakoa, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak iaz, eta aurten Kafkaren Metamorfosia.

Hiru metamorfosi

Baina itxura aldatuz joan da Metamorfosia bera ere, hirutan itzuli baita euskarara Kafkaren lana. Xabier Kintanak lehenik 1970ean: Itxura aldaketa (Kriseilu). Orduan itzuli zen lehenengoz euskaraz Gregor Samsa pertsonaiaren transformazioaren kontakizuna, baina geroztik beste bi izan dira. Rufino Iraola itzultzaileak ere itzuli zuen Metamorfosia 2000. urtean (Hiria), eta Anton Garikanok aurten kaleratuko du liburuaren hirugarren euskarazko itzulpena Erein argitaletxearekin. Eta, hain zuzen ere, hiru itzultzaileak batuko ditu Bilbo Zaharrak martxoaren lehenean Euskaltzaindiaren egoitzan. Lehen Metamorfosia, bigarren Metamorfosia eta hirugarren Metamorfosia. Testu bakarraren bueltan jarriko ditu hiru itzultzaileak. Eta pentsatzekoa da saioan denborarekin itzulpengintzak izan duen bilakaeraz ere arituko direla itzultzaileak. Metamorfosiaz.

Anjel Lertxundi idazle eta itzultzailea izango da hizlari martxoaren 2an. Itzulpengintzaz arituko da bera ere Itzulpena, bidaia baten itzulera izenek hitzaldian. Eta Lertxundik gaiari buruz idatzitako hitz batzuk bildu dituzte antolatzaileek saioa nondik nora joango den aurreratzeko: «Oso baldar eta oso azkar esateko —generalizazioek duten arrisku guztiarekin—: liburu bat irakurtzen hasi euskaraz gaur, euskal idazle batena, eta esan dezaket nor aritua den itzulpenetan eta nor ez. Hori uste dut oso erraz nabarmen daitekeela. Oro har, behintzat». Izan ere, Lertxundiren ustez, hizkuntza garatzeko baliabide berriak bilatzeko tresna da itzulpengintza.

Xabier Olarra eta Joxe Austin Arrieta elkartuko dituzte martxoaren 3ko saioan, edo bestela esanda: James Joyce eta Marcel Proust, Irlandarraren Ulysses euskaratu baitu Olarrak, eta frantziarraren Denbora galduaren bila eleberri sortako lehena itzuli baitu Arrietak. Eta, hain zuzen ere, lan horiek izango dituzte mintzagai.

HITZALDIAK

Martxoak 1. Anton Garikano, Rufino Iraola eta Xabier Kintana, Metamorfosia liburuaren itzultzaileak.

Martxoak 2. Anjel Lertxundi idazle eta itzultzailea. Itzulpena, bidaia baten itzulera hitzaldia.

Martxoak 3. Xabier Olarra eta Joxe Agustin Arrieta, James Joyce eta Marcel Proust idazleen lanen itzultzaileak.

*Hiru saioak 19:00etan egingo dira, Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna