Arrazoi ekonomikoengatik, aurten ez dute emango Goazen Txinara beka

Judas Arrietaren ekimenez hasi zuten proiektua, 2009an.Iraun duen bitartean, 33 artistak egin dute bi hilabeteko egonaldia Pekinen

Judas Arrieta, Goazen Txinara proiektua eteteko arrazoiak azaltzen. A. C / ARP.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
«Niretzat uharte baten moduko zerbait izan da Pekingo MA Studio, lasaitasun moduko bat aurkitu baitut han, esperimentaziorako oso baliagarria izan zaidana». Izan ere, Mikel Louvelli artistak, etxe inguruan lanean ari denean, bere lana ez ezik ingurukoarena ere egiten du azkenean: «Azkenerako, besteen proiektuetan murgiltzen naiz beti; Txinan ez, han nire lana egin nuen». Goazen Txinara beka irabazi zuen iaz, Kepa Garraza margolariarekin batera. Haiek izan dira beka hori aprobetxatu duten azkenengoak, Judas Arrieta proiektuaren zuzendariak atzo jakinarazi zuenez, denboraldi baterako bertan behera utziko baitute egitasmoa.

Arte garaikidearen edozein arlorekin lotura duten proiektuak aurkeztu zitezkeen Goazen Txinara bekara. Irabazleek bi hilabeteko egonaldia egiten zuten Pekinen dagoen MA Studion, Judas Arrietarekin batera. Hasieran lau artistak egiten zuten egonaldia, baina azken urteetan bi laguni ematen zieten beka. 2009an egitasmoa abian jarri zutenetik, erakunde publikoetatik jaso dituzte laguntzak. Etxepare institutuak, Eusko Jaurlaritzak eta EHUk lagundu dute hainbat urtetan. Bazegoen hara joateko beste modu bat, hala ere. «Artistak estudioan denboraldia igarotzeko asmoz bazeuden, guk hiriari buruzko erreferentziak-eta egiten genizkien, baina egonaldiaren kostua ordaintzea artistaren esku geratzen zen», zehaztu du Arrietak.

Finantzaketa publikoaren jaitsierak eragin du egitasmoa bertan behera uztea, baina izan dira arrazoi gehiago ere. Azken urteetan prezioak garestitu egin dira Pekinen, eta euroak yenaren aldean zuen balioa ere jaitsi egin da. «Hemengo laguntzak igoko balira ere, Txinan ez lukete balio bera izango», azaldu du Arrietak.

Diru laguntzak emateko sistema, berriz, ez zaio egokiena iruditzen, dirua proiektua amaitu ondoren jasotzen delako. «Azkenengo aldian 90.000 euroko aurrekontua izan arren, 74 mila jaso genituen». Pekinen egoten diren artistekin erakustaldiak egiten-eta ahalegindu izan da Arrieta, horrek zekartzan gastuekin. «Horri guztiari aurre egin ezin diogun garaia iritsi da». Guztira, 33 artistak jaso dute beka: besteak beste, Koldo Almandozek, Leire Urbeltzek, Ismael Iglesiasek eta Isabel Herguerak. Herguera irakasle lanetan ari da Pekingo Arte Ederren Unibertsitatean. Horregatik dio hasierako helburuak bete dituela proiektuak. «Euskal artistak sartu nahi genituen Txinan, emateko asko dutela iruditzen baitzaigu».

2006an joan zen Arrieta Pekinera, eta hango arte mugimendua ikusi orduko erabaki zuen zerbait egin behar zuela. «Parisko abangoardismoaren hasierarekin zerikusi handia zuen giroa sumatu nuen. Zenbat paristar zeuden, ordea, mugimendu hartan? Kanpoko jende askoren eragina hartu zuten, orduan, eta pentsatu nuen guk ere berdin egin genezakeela».

Teknika handiko artistak

Goazen Txinara proiektuaren etenaldiaren berri emateaz gain, Garrazaren eta Louvelliren lanak biltzen dituen katalogoa aurkeztu zuten Koldo Mitxelenako agerraldian. This is The End of The World proiektuan, Mendebaldeko gizarteko manipulazioa landu du Garrazak. Irudi digitalez osatu du Burua-Heads Louvellik. Adierazi du egonaldian pentsatzen egon zela buruan zuenari teknikoki «nola aurre egin»: «Lanean ari naizela, ordenagailuari uzten diot erabakiak nire partez hartzen». Horrela lantzen du irudi errealaren eta ez-errealaren arteko harremana. Bi artistok teknikoki asko erakuts zezaketelako aukeratu zituzten, Arrietaren arabera. «Txinatarrek garrantzia ematen diote teknikari, eta biak dira teknika onekoak». Ez zen beharrezkoa proiektuak han amaitzea. «Artistek esperimentatzeko eta harremanak egiteko aukera izatea zen asmoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.