Sortuk «nazioarteko aliatuekin» batera abiatu nahi du «ziklo berria»

Bederatzi herrialdetako kideak izango dira larunbateko ekitaldian, Bilboko Miribilla kiroldegian
Elena Beloki eta Gorka Elejebarrieta, Sorturen Donostiako egoitzan atzo eginiko agerraldian.
Elena Beloki eta Gorka Elejebarrieta, Sorturen Donostiako egoitzan atzo eginiko agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Jokin Sagarzazu -

2018ko maiatzak 17
Nazioarteko «aliatuen» babesarekin eman nahi dio hasiera Sortuk ETAren amaieraren osteko «ziklo berriari». Larunbaterako antolatu du Baietza sortzen izeneko ekitaldia, Bilboko Miribilla kiroldegian (17:30), eta hara joango den ordezkaritzaren berri eman du. Uruguai, Nikaragua, El Salvador, Sahara, Kurdistan, Palestina, Kolonbia, Korsika eta Irlandako «burkideak» izango dira, eta haien izenean hitz egingo dute Jean Guy Talamoni Korsikako Asanbleako lehendakariak eta Michelle O'Neill Irlandako Sinn Fein alderdiko lehendakariordeak.

Sortuko zuzendaritza nazionaleko kide Elena Belokik eta Gorka Elejabarrietak Donostian eginiko prentsaurreko batean azaldu dutenez, nazioarteko egoerarekin «erabat lotuta» daude «ETAren amaiera eta Euskal Herrian ireki den aro berria»: «Nazio askapeneko mugimendu gehienek geurearen antzeko trantsizio prozesuak bizi izan dituzte edo bizitzen ari dira». Beloki eta Elejabarrietaren hitzetan, prozesu horiek guztiek bide ezberdinak egin dituzte, eta bakoitzak berezko ezaugarriak ditu, «baina elkarri begiratzen diote, eta elkarri lagundu ere bai».

Herrialde horietako batzuetako «bake prozesuak» aipatu dituzte, eta eredutzat jo dituzte Hego Afrikako eta Irlandako kasuak. «Bake justu eta iraunkorra lortzeko bidean ere ez gara lehenak izan; gure aurrean beste batzuk aritu ziren, eta gure urratsei beste batzuk ere jarraituko diete». Horren harira, «elkartasuna eta begirunea» adierazi diete egun «baldintza latzak» pairatzen ari direnei; bereziki, Saharako, Kurdistango eta Palestinako herritarrei. «Behin eta berriro elkarrizketa eta akordioan oinarrituriko konponbide prozesuak hobetsi dituzten arren, gaurdaino jaso duten erantzuna ez da beharko lukeena izan», salatu dute

Belaunaldi ezberdinak

Belokik eta Elejabarrietak denboran atzera egin dute, ezker abertzalearen oinarri eta eredu ideologikoak zeintzuk izan diren gogoratzeko, eta azpimarratu dute hori ulertzeko ere ezinbestekoa dela nazioartera jotzea. Bereziki, 1950, 60 eta 70eko hamarkadetako «mugimendu iraultzaileetara»: El Salvador, Irlanda, Hego Afrika, Sahara, Korsika, Uruguai, Kolonbia, eta, bereziki, Kuba eta Aljeria. «Ez ginen lehenak izan, gure ondoren ere beste batzuk etorri ziren bezala», azaldu dute.

Ezker abertzalearentzat eredu intelektual eta politiko izan diren pertsona batzuk ere aipatu dituzte: besteak beste, eta hurrenkera honetan, Rosa Luxemburg, Nelson Mandela, Pepe Mujica, Lucia Topolansky, Martin McGuinness, Angela Davis, Leila Zhana eta Talamoni, ekitaldian izango dena. «Horiek eta beste asko dira gure iraganeko, egungo eta etorkizuneko lagunak eta kideak».

Nazioarteko ordezkaritzaz gain, belaunaldi ezberdinetako ezker abertzaleko militanteek ere parte hartuko dute larunbateko ekitaldian. Hala, gaur Bilbon egingo duten agerraldi batean, Miribillara joateko deia egingo dute «gatazkaren garai ezberdinetan hildako militante abertzaleen senideek». Herenegun, gauza bera egin zuten Ernai gazte antolakundeko kideek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna