Euskararen aldeko «zeharkako itunaren» beharra berretsi dute

Prefetak Hautetsien Kontseiluari bidali gutunari erantzun dio Euskal Konfederazioak

Biga Bai, Udaleku, Seaska, Ikas, Euskal Irratiak eta AEK-ko kideak, Euskal Konfederazioaren izenean atzo eman prentsaurrekoan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
«Badakigu nola egin euskara salbatzeko» gogoratu, eta «hau da mementoa» berretsi zuen Euskal Konfederazioko kide gisa Hur Gorostiagak atzo. Nolabaiteko erantzuna, euskararen aldeko hizkuntz politikarako Frantziako Estatuak erakutsi «doinu murriztaile eta mugatuari», Euskal Konfederazioko ordezkari Ttitto Betbederren hitzak berriz hartuz. Pirinio Atlantikoetako Pierre-Andre Durand prefetak Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteari bidali zion gutunean aurkitu doinua dute hori.

Izan ere, Ipar Euskal Herriari lotu politiken norabideak finkatzekoak dituen 2015-2020 Lurralde Kontratuaren negoziazioak hastear dira. Frantziako Estatuaren, Akitania eskualdearen eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren arteko kontratua da. Ekaineko prest izatea aurreikusten dute. Eta negoziazio horiei begira indar harremanak martxan jarri dituzte. Arte horretan, euskarari begira daude zinezko intentzioak. Bai tokikoenak, bai Frantziako Estatuarenak. Kontua da Hautetsien Kontseiluak ere eragiten duela kontratu horretan, hiri eta herri elkargoez gain. Eta, preseski, Hautetsien Kontseiluak proposamenak adostuak ditu horri begira. Gizarte eragileek osatu Garapen Kontseiluaren gomendioak jarraitu ditu horretarako.

Eta proposamen horietan, euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkor bat du aldarrikatzen: «Lurralde Kontratuak euskararen atal anbiziotsua negoziatzeko aukera izan behar du. 2006an definitu hizkuntza politikari hats berria ekarri behar zaio», dio. Horretarako «hitzarmen berri baten» eskaera egiten du. Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) kide guztiak engaiatzera deitzen ditu hizkuntz politikari «boterea handitzeko», norberak bere eskumenen arabera. Gogo hori galgatzeko xede gisa ikus daiteke agian prefetaren gutuna.

Aurrekontuei begira, adibidez, Hautetsien Kontseiluak EEPren aurrekontua igotzea eskatu du. Hiru milioi eurokoa da gaur egun, eta 6,4 milioira igotzea. Prefetak, berriz, ez du interpretazio bera egiten. 3,38 milioi euroko emendatzea «neurriz kanpoko indarra» litzatekeela dio, «gastu publikoen uzkurtze zorrotz garai hauetan». Igerileku bat finantzatzeko gaurko egunean hiru milioi gastatzen direla adibide gisa jarri eta Gorostiagak prefetaren neurriz kanpokotasun horri erantzun dio dena «erlatiboa» dela.

Aldiz, heldu diren sei urteetarako Frantziako Estatuak bere ekarpena egonkortuko duela dio prefetak. Ez dela urtero negoziatzerik izanen. Hau da, 740.000 euro. Eta hori «hobekuntza adierazgarria» zaio.

Ardurak har ditzaten

Euskal Konfederaziokoak, oro har, bai Frantziako Estatuari, bai tokiko hautetsiei, guztiei beren ardurak hartzeko eskatu die. Departamendu hauteskundeetako bigarren itzulia heldu den igandean dela, hauteskundeak irabaziko dituztenei euskararen aldeko departamenduko aurrekontua bikoizteko eskaera egitera engaia daitezen galdegin du. Aurten EEPri 930.000 euro ematea bozkatu du Kontseilu Nagusiak.Hautetsien Kontseiluak eskatu politika anbiziokoaren haritik, «logikoak» izan daitezen gaineratu du Euskal Konfederazioak.

Bi hitzez, oro har Hautetsien Kontseiluak galdegin hitzarmena berretsi du. «Zeharkako akordio» bat izenpetua izan dadin eskatu du. Sektore orotara zabaltzeko. Hasiz haurretatik, umeek berek «beren bizitza euskaraz egiteko aukera ukan dezan», Gorostiagaren hitzetan. Dela aisialdi edo beste. Prefetak anitz aipatu baitu irakaskuntza. Frantziak irakasleak ordaintzeko egiten dituen «indarrak» nabarmentzen ditu gutunean: 29 milioi euro. Eta agian EEPk berriz bere lehentasunak behar lituzkeela gaineratu du prefetak.

Gorostiagak gogoratu du helduen euskalduntzeko premiari begira ere badela zer egin, Korrika Euskal Herriaren itzulia egiten ari den hauetan. Espazio publikoan euskarak duen leku mugatua damu zaio, hain zuzen, Hautetsien Kontseiluari. Frantziako Estatuaren zerbitzuetan euskararen erabilpena errazteaz, hori «ezin pentsatua» dela azpimarratu du, berriz, prefetak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.