«Erasoa jasan duten andreak epaitu eta errudun gisa tratatu dituzte»

Gasteizko bi sexu erasotan instituzioek ez zutela protokoloa bete salatu dute feministek

Gasteizko mugimendu feministak agerraldia egin zuen atzo, Aranako jaietan gertaturikoa azaltzeko. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
maddi ane txoperena iribarren
2016ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Gasteizko Arana auzoko jaietan bi emakumeri eraso egin zieten, baina instituzioek ez zuten eraso horiei aurre egiteko protokoloa behar bezala bete. Horixe salatu du Gasteizko mugimendu feministak, eta kontuak eskatu dizkie instituzioei. «Ez dugu ulertzen zergatik Ertzaintza, Osakidetza eta Udaltzaingoaren protokoloak ez diren bete, ezta zergatik ez diren erasoa jasan duten andreak modu egokian artatu ere. Azalpenak exijitzen ditugu».

Duela bi aste gertatu ziren erasoak. Mugimendu feministak jakinarazi zuenez, ekainaren 5ean egin zieten eraso bi emakumeei, goizaldean. Bietako bat adingabea da. Mugimendu feministak erran duenez, bortxatu egin zituzten bi emakumeak: «Aranako kasuak bortxaketatzat hartzenditu mugimendu feministak; izan ere, bortxaz eta erasoa jasan dutenen gogoz kontra egindako praktikak izan ziren».

Marina Sagastizabal mugimendu feministako kideak Gasteizko Hala Bedi irratiari azaldu dionez, emakumeek feministengana jo zuten erasoa jasan ondoren, eta azaldu zieten instituzioek ez zituztela behar bezala artatu: «Joan ziren Txagorritxura, baita Udaltzaingoarengana eta Ertzaintzarengana ere, baina hiru kasuetan ez zuten protokoloa bete, eta ezin izan zuten salaketarik jarri».

Azkenean, jarri ahal izan dute salaketa, baina berandu. «Hamar egun geroago, Ertzaintzarengana hiru aldiz joanda eta tematu zirelako», Maider Dominguez mugimendu feministako kidearen erranetan. Hori dela eta, instituzioen «esku hartzerik eza» gaitzetsi dute. «Jaso duten arreta jendarte heteropatriarkalak indarkeria matxistaren inguruan ezarritako mitoetan oinarritu da: emakume hauek epaitu eta errudun gisa tratatu dituzte, gertatutakoari garrantzi guztia kenduz».

Mugimendu feministari «kezkagarria» iruditu zaio instituzioen jarrera, eta salatu du «saltzen» dituzten asmoetatik «oso urrun» daudela: «Horren adibide da genero indarkerian espezializatutako unitate espezifiko zein erasoen aurreko protokoloak bete ez izana». Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, bi emakumeek salaketa ezarri dutenean abiatu dute erasotzaileak identifikatzeko ikerketa. Aurretik jarri nahi izan zituzten salaketei buruz ez dute zehaztapenik eman.

Erantzuteko deia

Halako erasoei erantzuteko deia zabaldu du Gasteizko mugimendu feministak. Gogoratu duenez, hain zuzen, indarkeria matxistak «hamaika aurpegi» ditu, eta nabarmendu dute horren aurka erabil daitezkeen erantzun guziak zilegi direla. Apirilaren 9an Gasteizen egin zuten manifestazioa mugarritzat jo dute, eta jakinarazi dute hortik aitzina ere indarkeriaren aurka mobilizatzen segituko dutela. Gasteizen, erraterako, auzoetako eragileekin eta txosna batzordearekin protokolo bat lantzen ari da mugimendu feminista. Telefono zenbaki bateratu bat ere jarri dute hiriko edozein jaitako erasoak salatu ahal izateko: 688-65 29 01. Argi utzi nahi izan dute, gainera, eraso sexisten gaia eragile guziek landu beharrekoa dela: «Ez da soilik mugimendu feministaren ardura jai parekide eta askatzaileen alde lan egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.