Putin: «Indarkeria erabiliz ez dugu konponduko Ukrainako gatazka»

Poroxenkok kontrolak nahi ditu Errusiako mugan.

Hamar soldadu errusiar atxilotu ditu Kievek
Poroxenko eta Putin, elkarri eskua ematen, Catherine Aston Europako Batasuneko ordezkariaren begiradapean.
Poroxenko eta Putin, elkarri eskua ematen, Catherine Aston Europako Batasuneko ordezkariaren begiradapean. SERGEI BONDARENKO / EFE

Bidatz Villanueva Etxague -

2014ko abuztuak 27
Indarkeria uzteko eta bake elkarrizketen bidez Ukrainako gatazka amaitzeko deia egin zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak atzo, Minskeko (Bielorrusia) Aduanen Batasunaren goi bileran: «Ukrainako borrokak ez dira amaituko indar armatuen erabilera areagotuz, ekialdeko eskualdean bizi direnen interesei muzin eginez, eta haien ordezkariekin negoziatu gabe».

Petro Poroxenko Ukrainako presidentea itxaropen handiz iritsi zen Minskera: «Europaren eta munduaren patua hemen erabakiko da». Haren ustez, Errusiako mugan kontrolak ezartzea eta Ukrainaren deszentralizazioa dira «gatazka konpontzeko oinarrizko baldintzak». Horrez gain, Errusiari egotzi dio matxinoei laguntzea. Hortaz, Poroxenkok aipatutako beste baldintzen artean dago Moskuk errusiazaleei armak emateari uztea. Gainera, atxilotutako ukrainarrak aska ditzala eskatu du.

Putinek eta Poroxenkok Minsken egin zuten topo, Independentzia jauregian. Izan ere, hori da Aduanen Batasunaren egoitza, Errusia, Bielorrusia eta Kazakhstanek osatzen dutena. Herrialde horietako presidenteak eta Europako Batasuneko ordezkariak bildu ziren. Putinek eta Poroxenkok ez zuten aurrez aurreko bilerarik egin, baina Minskeko goi bileraren ondoren, aldebiko topaketak iragarri dituzte.

Minskera joandako beste herrialdeetako ordezkariek ere hartu zuten hitza Ukrainako gatazkaren inguruan. Nusurltan Nazarbajev Kazakhstango presidentea Poroxenkorekin elkartu zen. «Garrantzitsuena Putinekin aurrez aurre hitz egitea» dela adierazi zion Nazarbayevek, «odol isurtzeak ez duelako jarraitu behar». Haren ustetan, borrokak eten ezean, «konfrontazio globala» bihur daiteke.

Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenkok bi herrialdeei erran zien zentzudun joka dezatela: «Politikari arduratsu gisa ikus gaitzaten nahi badugu, gure herriarekiko dugun arduraz jabetu behar dugu, eta handinahikeria politikoak alde batera utzi». Horrez gain, Minskera gonbidatu zituen Ukraina eta Errusiako buruzagiak, negoziazioak hastera.

Errusiarrak, mugaz bestalde

Ukrainako Donetsk eskualdean hamar soldadu errusiar atxilotu dituzte, agintaritza militar ukrainarrak aditzera eman duenez. Dzerkalni herrian harrapatu dituzte, Errusiako mugatik 50 kilometrora. Ukrainako armadak bideo bat kaleratu du, soldadu presoen adierazpenekin.

Errusiako Gobernuak jakinaraz duenez, militarrak Errusiaren eta Ukrainaren arteko mugan patruilatzen zeuden, eta «ustekabean» zeharkatu dute muga. «Ez da aurretik prestatutako plan bat matxino errusiazaleak laguntzeko, eta, dakigunagatik, ez dute erresistentziarik jarri atxilotu dituztenean», zehaztu du Moskuk.

Gertakari horren harira, Errusiako Defentsa Ministerioak ohartarazi du «500 soldadu ukrainar baino gehiagok» zeharkatu dutela muga Errusiarantz, armatuak eta ibilgailu korazatuetan. «Ez dugu horregatik iskanbilarik sortu, eta Ukrainara bidali ditugu bueltan, segurtasunean», azaldu du ministerioak.

Valeriy Heletey Ukrainako Defentsa ministroak ez ditu sinesten Moskuren adierazpenak: «Ofizialki, ariketa militarrak ari ziren egiten Errusian; errealitatean, Ukrainaren aurkako eraso bat zen».

Bideoan preso batek dioenez, ez zuen ikusi non zeharkatu zuten muga: « Soilik erran ziguten hiru egunez 70 kilometroko martxa eginen genuela, eta altxamendua goraipatzen zuten. Preso hartu gintuztenean jakin genuen zertarako geunden hor. Orain galduta gaude». Beste batek Ukrainako gatazka gaitzetsi du: «Ez da gure gerra, eta krisia herrialdean bertan konpondu behar dute». Ezin da zehaztu soldadu errusiarrak adierazpenok egitera behartu dituzten edo ez.

Aurrez aurreko liskarrek, bestalde, etenik ez dute. Borrokarik latzenak Ilovaisk eta Khryashchevatoyen izaten ari dira, Ukrainako Segurtasun Nazional eta Defentsarako ministroaren arabera. Eta matxinoek jakinarazi dute ekialdeko kostako lurraldeak hartu dituztela eta Ilovainsketik gertu ukrainar tropak inguratuta dituztela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna