Gutxienez 147 lagun hil dituzte Kenyako unibertsitate batean

Somaliako Al-Shabab talde islamistak bere gain hartu du erasoa, Kenyan egin duen handiena
Kenyako soldaduak ibilgailu baten gibelean babestuta, atzo, Garissa hiriko unibertsitatean.
Kenyako soldaduak ibilgailu baten gibelean babestuta, atzo, Garissa hiriko unibertsitatean. DAI KUROKAWA / EFE

Mikel Rodriguez -

2015eko apirilak 3

Somaliako gerran esku hartzea garesti ordainarazten ari zaio Al-Shabab muturreko talde islamista Kenyari. Garissa hirian atzo unibertsitate bati eraso zioten hainbat militante armatuk, eta egun erdiz bahituta eduki zituzten ehunka ikasle, irakasle eta unibertsitateko langile. Kenyako armadak eta Poliziak indarrez bukatu zuten bahiketarekin, baina hildako kopuru handiak mugarri bat ezarri du Al-Shababek orain arte Kenyan egin dituen erasoetan, gutxienez 147 lagun hil baititu, gobernuaren arabera. AEBetako enbaxadaren aurka Nairobin egindako atentatuaz geroztik hildako gehien eragin duen erasoa izan da Kenyan —Al-Qaedak 213 lagun hil zituen 1998an—.

«Herrialde osoa erne egoteko unea da orain, etsaia garaitu arte borrokan jarraituko baitugu», adierazi du Uhuru Kenyatta presidenteak. Al-Shababek herrialde osoan erasoak egitearekin mehatxu egin dio Kenyari, Somaliatik tropak atera ezean.

Gobernuak jakinarazitakoaren arabera, erasoa 05:30 inguruan hasi zen, eta armadak handik hamasei ordura eman zuen bukatutzat horri aurre egiteko operazioa. Campusaren sarreran bi zaindari hil zituzten ekintzaileek, eta ondoren eraikinetan ikasleak, irakasleak eta langileak tirokatzen hasi ziren. Lekukoen kontakizunen arabera, Al-Shababeko militanteek musulmanak ez ziren ikasleak tirokatu zituzten, eta Polizia eta armada unibertsitatera gerturatzean, ikasleen egoitza batean gotortu ziren hainbat lagun gatibu hartuta. Ordu batzuen buruan, armada eta Polizia egoitza horretan sartu ziren, eta tiroketak izan zituzten militanteekin. Joseph Nkaissery Barne ministroaren arabera, «lau terrorista» hil zituzten Kenyako indar armatuek eta bertze bat atxilotu zuten, baina ez zuen argitu erasotzaileak guztira zenbat ziren.

«Sisi ni Al-Shabab! oihukatzen zuten gizon armatuek ['Gu Al-Shabab gara', swahilieraz]», kontatu dio Collins Wetangulak AP agentziari. Garissa unibertsitateko ikasleen sindikatuko idazkariordea da. Tiro hotsak aditzean ikasleen egoitzako bere gelan giltzaperatu zela erran du Wetangulak. Hark dioenez, militanteak aditu zituen gelaz gela ateak irekitzen eta ikasleei zein erlijiotakoak ziren galdetzen. «Kristaua bazinen, bertan egiten zizuten tiro». Wetangulak kontatu du militarrek atera zutela gelatik.

Gobernuaren arabera, 815 ikasle dauzka Garissa unibertsitateak. Ikasleen lau egoitzatatik hiru ebakuatzea lortu zuten, eta bertzean gotortu ziren erasotzaileak. Nahasmena handia izan zen egun osoan, gobernuak ordu luzetan ez baitzuen izan 300 ikasle ingururi buruzko berririk. Guztia bukatzean, kopuru ofiziala eman zuen Hondamendietarako Operazio Zentro Nazionalak: 147 hildako. Al-Shababek Kenyan inoiz egindako eraso handiena. Zaurituak 79 zirela jakinarazi zuen, horietako batzuk hagitz larri.

Ali Mohamud Rage Al-Shababeko bozeramaileak mezu batean jakinarazi zuen Somaliako taldeak egin zuela erasoa, eta lekukoek errandakoa berretsi zuen. «Mujaihidinek hartu dituzte musulmanak ez diren ikasleak eta irakasleak». Rageren arabera, ekintzaileen «azken helburua» zen musulmanak ez ziren ikasle eta irakasle guztiak hiltzea. Kenyako soldaduek Somaliako lurretan jarraitu bitartean Al-Shababek Kenyan erasoak eginen dituela ohartarazi du Ragek.

Kenyako Gobernuak, berriz, jakinarazia du bere ustez nor den atzoko erasoaren erantzule nagusia. Mohamed Kunori leporatu dio atentatua prestatzea. Ustez, Al-Shababeko buruzagitzako kidea da Kuno. Kenyako herritarra da, eta Garissan bertan eskola islamiko bateko zuzendaria zen. 2007an utzi zuen lanpostua, eta, uste denez, Somaliara joan zen Auzitegi Islamikoen Batasunarekin elkartzeko. Erakunde hori izan zen Al-Shababen hazia.

Garissa, mugako hiriburua

Garissak 120.000 biztanle inguru dauzka, eta Ipar Ekialdeko Probintziako hiriburua da. Kenyak Somaliarekin daukan muga osoa probintzia horri dagokio. Garissa Somaliako mugatik 140 kilometro ingurura dago, eta somaliar jatorriko biztanle anitz dauzka. Ezaugarri horiengatik, probintzia horri eragin dio gehienbat Kenyaren eta Al-Shababen arteko gatazkak.

Bien arteko gatazka 2011n piztu zen. Urrian, Kenyak eta Etiopiak Somalia inbaditu zuten Al-Shababen matxinadarekin bukatzeko asmoz. AEBek operazioa lagundu zuten. 1991n Siad Barre presidentea boteretik kendu zutenetik, Somaliak ez du eduki herrialde osoa kontrolatu ahal izan duen gobernurik. Al-Shabab muturreko ideologia islamista sunita duen erakundea da, Al-Qaedari leialtasuna adierazitakoa, eta oraindik ere lur eremu zabalak dauzka kontrolpean.

Esku hartze horren ondorioz, Al-Shababek Kenyan bertan erasoak eginda mendeku hartu du, eta urteak igaro ahala gero eta arazo larriagoa bihurtu da Kenyarentzat. Talde islamistak 2011ko urrian bertan egin zuen lehenbiziko erasoa, Nairobin. Granada bat jaurti zuen ostatu batera, eta lagun bat hil zuen. 2012an eta 2013an erasoak ugaritu egin ziren. Gune turistikoak, kristauen gurtza eremuak eta Kenyako poliziak eta soldaduak ziren helburu nagusiak. 2013ko iraileko eraso batek ezarri zuen lehenbiziko mugarria: Nairobiko Westgate merkataritza zentroan 69 lagun hil zituzten Al-Shababeko kideek. Orain arte, Somaliako taldeak Kenyan egindako eraso handiena zen. Iazko ekainaren 14an bertze sarraski bat egin zuten Mpeketoni kostako hirian —48 hildako—, eta azaroan eta abenduan Somaliako mugako Mandera barrutian egindako bi sarraskitan gutxienez 64 lagun hil zituzten.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©PEDRO PUENTE HOYOS / EFE

«'Pandemiaren urteak', esan nuen. Urteak izango direlakoan: urteak»

Arantxa Iraola

Aurrera urratsa egin, eta hedabideetan naro-naro dabilen zientzialarietako bat da Del Val; txertoa lortzeko prozesuak oso azkar doazela onartu du, baina uste du une aski zailak eragin ditzakeela oraino ere izurriak.

 ©Juan Carlos Ruiz / Foku

COVID-19ak hiru hildako utzi ditu Nafarroan

Berria

13.012 PCR egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 842k positibo eman dute. 

Protesta bat Gasteizen. ©E.PORTILLO/ FOKU

Arabako zahar etxeak ere, grebara

Erredakzioa

Hiru lanuzte egingo ditute, ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk deituta, «prekarizazioa» salatzeko

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna