Air France, zurrunbilo betean

Aire konpainiaren akzioa %10 erori da, Le Maire ministroak arriskuan dagoela esan ondoren

Jean Marc Janaillac Air France-KLM aire konpainiako kontseilari ordezkaria, artxiboko irudi batean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Egun kezkagarria izan zuen atzo burtsan Air France-KLMk, bere balioaren %10 baino gehiago galduta. Inbertsiogileak akzioak gainetik kenduz erantzun zioten aire konpainiaren egoera txarrari: bururik gabe dago —ostiralean eman zuen dimisioa Jean Marc Janaillac kontseilari ordezkariak—, lan gatazka gogor baten erdian —hamabosgarren grebara deituta dago gaurko—, eta galerak pilatu ditu urtearen hasieran. Enpresa bera desagertzeko arriskuan dagoela ohartarazi du Bruno Le Maire Ekonomia ministroak.

Le Maireren mezu katastrofista langileak estutzeko modu gisa uler daiteke. Apirilaren erdialdera hasitako greba bertan behera uztea eta enpresako zuzendaritzak proposatutako lan hitzarmena onartzea nahi du ministroak. Joan den astean langileen %55ek ezezkoa eman zioten Janaillacek proposatutako soldata igoerari—%2 aurten eta %5 hurrengo hiru urteetan banatuta—, eta beren eskaerari eutsi zioten: 2012-2017an galdutako %3,8ko erosteko ahalmena, eta %1,3ko igoera aurten.

Enpresaren geroa agian ez da izango Le Mairek dioen bezain larria, baina egia da Air France-KLM ez dagoela bere onenean. 2004. urtean sortu zuten konpainia, Air France eta Herbehereetako KLM batuta. Garai bateko aire konpainia publikoen gisara, fronte bikoitz bati egin behar izan dio Air France-KLMk. Batetik, Persiar golkoko eta Asia ekialdeko airelinea handiek bezero asko kendu dizkiete ibilbide luzeetan, eta Ryanair, EasyJet eta kostu txikiko beste konpainiek, berriz, ibilbide laburretan.

Erronka horrek hondoratzeko zorian utzi du Alitalia, baina aurre egin ahal izan diote Lufthansak eta AIGk (British Airways eta Iberia). Erdibidean dago Air France-KLM. Langileen ahaleginei, keroseno merkeagoari eta bidaiarien hazkundeari esker, iaz ia 600 milioi euro irabazi zituen. Lehen mozkina zen 2007az geroztik, baina, lehiakide sendoenek baino askoz gutxiago izan zen. Frantziarren ikuspuntutik beste arazo bat da mozkinen %60 KLM adarrari zor dizkiola, nahiz eta hura Frantziakoa baino txikiagoa den.

Frantziako Estatua da konpainiaren akziodun nagusia, tituluen %14rekin. Atzetik datoz China Eastern eta Delta airelineak (%8,8 bakoitzak). Bi horiekin elkarlanean aritzea zen Janaillacen planaren zutabeetako bat, konpainiaren kostuak jaitsi eta errentagarria handitzeko. Urteko lehen hiruhilekoa, ordea, kolpe gogorra izan da, 269 milioi euroren galerekin. Enpresak ziurtatu du grebak jada 300 milioi euroko galera ekarri duela.

Le Mairek argi utzi du Parisko gobernua ez dagoela prest Air France-KLMn diru gehiago jartzeko. Ez behintzat, «ez baduahaleginik egiten bere errentagarritasuna Europako lehiakide handiengana hurbiltzeko». Gainera, konpainiako 4.000 pilotuei aurpegiratu die jada nahikoa irabazten dutela. Gai horretan arrazoi eman dio Laurent Berger CFDT sindikatuko idazkari nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.