Immigranteentzako zentro bat itxi du Australiak protesta artean

600 immigrantek uko egin diote zentrotik irteteari, «euren segurtasuna bermatzeko» eskatzeko

Harrera gunean geratu diren immigranteek giza kate bat egin zuten itxiera salatzeko, atzo, Manus uhartean. HASS HASSABALLA / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Australiako Gobernuak Manus uharteko (Papua Ginea Berria) Australiarako asilo eskatzaileentzako atxiloketa zentroa itxi du, eta hango langile guztiek alde egin dute, segurtasun indarrak barne. Gunea ixteko agindua apirilaren 26an eman zuen Papua Ginea Berriko Auzitegi Gorenak, estatuko konstituzioaren aurkakotzat jota. Atxiloketa zentroan dauden immigranteek, ordea, uko egin diote handik irteteari eta 600 lagun inguruk han daude oraindik, ia urik eta janaririk gabe.

Atzoko 17:00 iristean zentroa itxita geratuko zela adierazi zieten barruan zeudenei. Lorengau hiriko, irlako hiririk handieneko, hiru eremutara joateko aukera eman diete. Papua Ginea Berrian beste eremu egonkorrago bat aurkitu arteko edo beste estatu batek onartu arteko erabakia da hori. Amnesty Internationalen arabera, ordea, ez diete immigranteei azaldu lan egiteko eta aske mugitzeko aukerarik izango ote duten han.

Papua Ginea Berriko autoritateek esan dute gaurtik aurrera han jarraitzen duten lagunen aurkako erabakiak hartuko dituztela, gaurtik aurrera berriro base militar izango baita gunea.

Oraindik han daudenek, ordea, ez dute mugitzeko asmorik. Euri urak biltzeko sistema bat jarri dute martxan, eta hornigaiak biltzen hasi dira. Errefuxiatuetako batek Australiako ABC hedabideari azaldu dionez, hilabete iraun dezakete. Argia moztu diete gunearen zatirik handienean, eta ilunetan igaro dute lehen gaua. Behrouz Boochani kazetari eta errefuxiatu kurduak azaldu duenez, gaua igaro duten lagunek zaintza txandak egin dituzte, «erasoren baten aurrean gainontzekoak abisatu ahal izateko».

Immigranteek adierazi dute «beldurra» dutela, eta salatu dute irlako biztanleengatik eraso ugari jaso dituztela. Ez dute euren segurtasuna bermatuta ikusten eskaini dizkieten eremu alternatiboetan. Adibidez, zentroko hainbat lekutan lapurretak egin zituzten atzo goizean.

Oraindik barruan sartuta daudenek Australiako Gobernuaren jarrera kritikatu dute, eta han inongo babesik gabe uztea leporatu diote. Australiako Immigrazio eta Mugen Babeserako ministro Peter Duttonek, berriz, berrezartzeko «leku alternatibo eta seguruak» eskaini zaizkiela azaldu du, eta gogor egin du immigranteen aurka: «Manus infernu zulo bat zela zioten, baina ixtear den honetan han geratzeko eskatzen dute». Duttonen esanetan, Australiara legez kanpo sartzen saiatu den inor ez da han ezarriko.

Papuako Gobernuak astelehenean eskatu zion Canberrari immigranteen kargu egiteko. «Australiaren lana da hirugarren estatutan aukerak bilatzea, edo errefuxiatu izaera ez dutenen estatuekin hitz egitea, horiek itzularazteko», esan zuen Petrus Thomas Immigrazio ministroak.

Australiako Gobernuari urtean 166 milioi euro kostatuko zaio atxiloketa zentrotik ateratzera behartuta dauden immigranteak mantentzea. Aurreko irailaren 30ean 742 pertsona zeuden Manus irlako zentroan, eta horietatik 606k eman zioten ezezkoa euren herrialdeetara itzultzeko proposamenari.

Gerratik atxiloaldira

Australiak 2012an berrabiarazi zuen asilo eskaerak hirugarren estatuetatik tramitatzeko politika. Nazioarteko uretan aurkitutako immigranteak inguruko estatuetara eramaten hasi ziren, haietatik egin ditzaten errefuxiatu edo asilo eskaerak. Orduan ireki zituzten horiek mantentzeko zentroak, Manus irlan eta Naurun—1.600 errefuxiatu inguru ditu—.

Canberrak Australiara iristen ari zen «immigrante bolumenaren igoera» murriztea zuen helburu. Gune horietara bidaltzen dituzten immigrante asko, besteak beste, Afganistango, Pakistango, Siriako eta Somaliako gerretatik ihesi irteten dira Australiarantz. Nazio Batuen Erakundeak eta Giza Eskubideen aldeko talde ugarik Australiako Gobernuaren jokaera hori kritikatu dute, eta immigranteek zentroetan bizi duten egoera prekarioa salatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.