Estatu judua eratzea ahalbidetu zuen deklarazioa kritikatu dute Palestinan

Netanyahu Mayrekin bildu da Londresen, Balfourren Adierazpenaren mendeurrena dela eta

Hainbat palestinar Balfourren Adierazpenaren aurkako manifestazioan, atzo, Hebronen. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Ehun urte igaro dira orduko Erresuma Batuko Atzerri ministro Arthur James Balfourrek lord Walter Rothschild lider juduari Balfourren Adierazpena gisa ezagun egin den mezua igorri zionetik. 1917ko azaroaren 2an bidalitako testu hartan, Balfourrek adierazi zuen Erresuma Batuak bere esku zegoena egingo zuela «Palestinan herri juduarentzat etxe nazionala eratzeko». Israelen ospakizunak egin dituzte. Mundu arabiarrak, ordea, gogor kritikatu ditu haren ondorioak.

Adierazpenak 1948an estatu judua sortzea ahalbidetzen lagundu zuen, eta, mendeurrenaren harira, Israelgo presidente Benjamin Netanyahu Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayrekin bildu da Londresen.

Netanyahuk adierazi du Israelek «bakearekin konpromiso garbia» duela, baina horretarako palestinarrek Israelgo estatua onartu behar dutela: «Balfourretik ehun urtera, palestinarrek juduen etxe nazionala onartu behar dute, eta, azkenik, estatu judua». Hori gertatzean bakerako bidea «askoz gertuago» egongo dela azaldu du.

Theresa Mayrentzat, ezinbestekoa da Ekialde Hurbileko bakea mantentzea, eta esan du Israelek Zisjordanian dituen «legez kanpoko kokalekuek» hori zailtzen dutela. «Erresuma Batua bi estaturen —Israel eta Palestina— konponbidearekin konprometituta dago», esan du, eta gehitu: «Ziur naiz Ekialde Hurbileko bake prozesuaz hitz egin nahi dugula».

Palestinako herriarentzat, ordea, ez dago zer ospatu, eta milaka lagun kalera irten dira adierazpenaren ondorioak salatzeko.

«Ez da Palestinan dauden herri ez juduen eskubide zibil eta erlijiosoei kalte egin diezaiokeen ezer egin behar», dio adierazpenak bere bigarren paragrafoan. Herri horien eskubide politikoak, ordea, ez dira inon aipatzen. Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasen iritziz, jende batentzako aberri bat sortzeak beste herri baten aurkako jazarpena eragin du.

Abbasek The Guardian egunkarian adierazi du palestinarrek azken 30 urteetan bi estatu sortzearen konponbidea babestu dutela: «Baina konponbidea ezinezkoago bilakatzen da igarotzen den egun bakoitzeko».

Zehaztasun gutxiko gutuna izan zen Balfourrena, 67 hitz besterik ez zuena, baina, hainbat aditurentzat, israeldarren eta arabiarren arteko harremanek okerrera egitearen eragile nagusietako bat da. Baita palestinar nazionalismoaren sorrera eragin zuen gakoetako bat.

Garai hartan, I. Mundu Gerraren erdian, Palestinako lurraldea Otomandar Inperioaren zati zen, eta juduak biztanleriaren %8-10 inguru ziren. Hortik aurrera, ehunekoak gora egin du, baina arabiarren kopurura gerturatu gabe.

Erresuma Batuak, gatazkaren dimentsioa ikusita, Nazio Batuen Erakundearen esku uztea erabaki zuen, eta urtebete geroago Israelgo estatua sortu zen. Israelek bere lurraldea zabaltzeko mugimendu ugari egin ditu ordutik, palestinarrak lurralde horietatik desplazatuz.

Arabiar estatuak, aurka

Arabiar estatu gehienak ere Balfourren Adierazpenaren aurka agertu dira. Arabiar Ligako idazkari nagusi Ahmed Abulgueitek esan du adierazpenak ez duela «inolaz ere» ospatzeko ezer ordezkatzen: «Herri oso baten eskubideen urraketa nabarmen bat ezin da harrotasunerako arrazoi izan».

Jordanian protestak nagusitu dira, handiena Erresuma Batuaren enbaxadaren aurrean, Ammanen. Hango Kazetarien Elkargoak ere ordubeteko geldialdia egin du, Erresuma Batuan eginiko ospakizunak salatzeko. «Aberri judu baten kokapena onartu zuen Erresuma Batuak, palestinako herriaren desplazamendua eraginez», adierazi dute.

Bestalde, Siriako parlamentuak ere «zoritxarrezko Balforren Adierazpenaren» inguruko adierazpen bat zabaldu du, arabiarrei eta, batez ere, palestinarrei sufrimendua eragiten jarraitzen duela azpimarratuz. «Babesa adierazten diogu Palestinako herriaren kausari eta estatu independente bat osatzeko euren eskubideari», dio mezuak. Gainera, nazioarteko erakundeei dei egin diete «erakunde sionista okupatzailea» giza eskubideen aurka egiten ari diren erasoen aurrean lan egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.