Ordaina: bonbak eta soldaduak

Kazetarien exekuzioek ez dutela kikilduko esan du Obamak.

Bonbardaketak gogortu ditu Iraken
AEBetako armadako paraxutista talde bat helikoptero batera igotzen, Grafenwoehrreko base militarrean, Alemanian.
AEBetako armadako paraxutista talde bat helikoptero batera igotzen, Grafenwoehrreko base militarrean, Alemanian. ARMIN WEIGEL / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko irailak 4
Steven Sotloff kazetariaren exekuzioa erakusten duen bideoa «benetakoa» dela egiaztatu du AEBetako Gobernuko inteligentzia sailak, eta Barack Obama presidenteak nabarmendu du Estatu Islamikoak ez duela «kikilduko» kazetari estatubatuarren hilketekin. Talde jihadistak bi astean exekutatutako bigarren kazetaria baita. AEBek «inoiz» ez dutela «indarkeriazko ekintza izugarri hori» ahaztuko azpimarratu du Obamak: «Justizia egingo da».

Hitzez haratago, berehalako ordaina ere eman du AEBetako armadak, Mosul inguruan Estatu Islamikoaren posizioen kontrako bonbardaketak gogortu egin baititu. Eta Bagdadera 350 militar gehiago bidaliko dituela jakinarazi du Etxe Zuriak, AEBen instalazioak eta pertsonala babesteko. «Borrokarako eginkizunik» ez dute izango militarrek, eta aurretiaz Iraken dauden soldadu batzuk ateratzea ahalbidetuko du, Etxe Zuriak jakinarazi duenez.

Urrunetik gidatutako piloturik gabeko gerra hegazkinen bonbardaketekin «justizia» egitearen zailtasuna, ordea, agerian geratu da beste behin. Aurreneko aire erasoan Estatu Islamikoaren egoitza bat bonbardatu zuten, aurrez Mosulgo polizia etxea izana; baina jarraian zibilen etxebizitza bat jo zuten, segurtasun indarrek beraiek onartu dutenez: gutxienez familia bereko hiru emakume hil ziren erasoan, eta haur bat larri zauritu. Bezperan, bonbardaketen iragarle, Irakeko Gobernuak sinatutako eskupaperak jaurti zituzten AEBetako gerra hegazkinek Mosulera, herritarrei Estatu Islamikoaren posizioetatik urruntzeko eta etxebizitzak uzteko aholkatuz.

Estatu Islamikoak ekainaren 10ean hartu zuen kontrolpean Mosul, Irakeko bigarren hiria, eta segidan lur eremu handiak eskuratu zituen eta kalifa-herri bat ere aldarrikatu zuen Irak eta Siria artean, Irakeko armadaren ahulezia baliatuta. Geroztik, Mosul berreskuratzea lehentasunezko helburu bilakatu da Irakeko Gobernuarentzat, eta horretarako propio operazio sail berezi bat ere antolatu du Segurtasun Nazionalerako Kontseiluak.

Irakek AEBen bonbardaketei eta indar kurduei esker egin die aurre jihadistei, eta Estatu Islamikoak bi astean bi kazetari estatubatuar exekutatu —James Foley eta Steven Sotloff— eta hilketa horien irudiak zabalduta erantzun dio Washingtoni. Herenegun sareratutako bideoan, Bigarren abisu bat AEBei, Sotloffi lepoa mozten dion ekintzaileak Washingtonen aire erasoekin lotzen du kazetariaren exekuzioa; eta beste bahitu bat —David Haines britainiarra— hiltzeko mehatxua ere egiten du.

Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek Cobra larrialdiko batzordea bildu zuen atzo, Estatu Islamikoaren mehatxua aztertzeko, eta bahitua askatzeko «aukera guztiak» aztergai dituztela nabarmendu zuen. Muturreko jihadistak borrokatzea «urteetako lana» izango dela gaineratu zuen Cameronek. Frantziako Defentsa ministro Jean-Yves Le Drianek, berriz, Estatu Islamikoa «Al-Qaeda bera izan zena baino askoz mehatxu handiagoa» bihurtu dela esan zuen atzo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna